25 Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien.
26 Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte.
27 Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten.
28 Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa.
29 Jainkoaren indarrak joa, han zegoen Heliodoro hitzik gabe eta salbatzeko itxaropenik gabe.
30 Besteek, berriz, Jauna goresten zuten, bere toki santua aintzaz bete zuelako. Eta lehentxeago ikaraz eta beldurrez betea zegoen tenplua, Jaun ahalguztidunaren agerkundearen ondoren, bozkarioz eta alaitasunez bete zen.
31 Heliodororen lagunetako batzuek Onias apaiz nagusiagana jo zuten bizkor, azkenetan zegoen hari bizitzeko aukera emateko Goi-goikoari otoitz egin ziezaion eskatzera.