27 Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten.
28 Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa.
29 Jainkoaren indarrak joa, han zegoen Heliodoro hitzik gabe eta salbatzeko itxaropenik gabe.
30 Besteek, berriz, Jauna goresten zuten, bere toki santua aintzaz bete zuelako. Eta lehentxeago ikaraz eta beldurrez betea zegoen tenplua, Jaun ahalguztidunaren agerkundearen ondoren, bozkarioz eta alaitasunez bete zen.
31 Heliodororen lagunetako batzuek Onias apaiz nagusiagana jo zuten bizkor, azkenetan zegoen hari bizitzeko aukera emateko Goi-goikoari otoitz egin ziezaion eskatzera.
32 Heliodorori gertatua, juduek maltzurkeriaz egina zela erregeak uste izango zuen beldurrez, apaiz nagusiak oparia eskaini zuen, gizon hura senda zedin.
33 Apaiz nagusia haren alde barkamen-ohikunea egiten ari zen bitartean, lehengo bi gazteak agertu zitzaizkion Heliodorori, jantzi berberak soinean zituztela eta, beraren aurrean zutik, esan zioten: «Emazkiok benetan eskerrak Onias apaiz nagusiari, berari esker ematen baitik Jaunak bizitzeko aukera.