33 Apaiz nagusia haren alde barkamen-ohikunea egiten ari zen bitartean, lehengo bi gazteak agertu zitzaizkion Heliodorori, jantzi berberak soinean zituztela eta, beraren aurrean zutik, esan zioten: «Emazkiok benetan eskerrak Onias apaiz nagusiari, berari esker ematen baitik Jaunak bizitzeko aukera.
34 Jainkoak zigortu egin hau; orain, jakinarazi denei zein handia den Jainkoaren indarra». Hau esanik, desagertu egin ziren gazteak.
35 Bizirik irauteko mesedea egin zion Jaunari oparia eskaini eta otoitz sutsua egin ondoren, Oniasi agur egin eta bere gudarostearekin erregeagana itzuli zen Heliodoro.
36 Eta bere begiz ikusiak zituen Jainko guztiz handiaren egintzak aitortzen zizkien denei.
37 Jerusalemera berriro bidaltzeko egokiena zein izan zitekeen galdegin zion erregeak. Heliodorok erantzun:
38 «Etsairen bat nahiz zure gobernuaren kontra dagoenen bat baldin baduzu, bidal ezazu hara. Bizirik ateratzen bada, erabat zigorkatua etorriko zaizu, toki hura benetan Jainkoaren indarrez inguratua baitago.
39 Izan ere, bere bizilekua zeruan duenak zaintzen eta babesten du toki hura, eta heriotzaz zigortzen toki hartara asmo txarrez doazenak».