8 Berehala abiatu zen Heliodoro, Koele-Siria eta Feniziako hiriak ikustera zihoaneko aitzakiaz, baina, egiaz, erregearen aginduak bete nahirik.
9 Jerusalemera heltzean, ongietorria egin zioten bai apaiz nagusiak, bai hiritarrek. Heliodorok aditzera eman zuen altxortegiaz jakinarazi ziotena eta zein zen bera han izatearen zergatia. Eta gauzak horrela ziren galdetu zuen gero.
10 Apaiz nagusiak, orduan, altxortegiko dirutza alargunei eta umezurtzei zegokiena zela adierazi zion,
11 eta zati bat Tobiasen seme Hirkanorena, goi-mailako pertsonaia batena, zela; guztira hamaika mila kilo zilar eta bost mila eta bostehun kilo urre zegoela altxortegian, eta ez Simon zital hark gezurretan esan zuena.
12 Azkenik, esan zion ezin zitzaiela inolako kalterik egin beren konfiantza toki haren santutasunean eta mundu osoan ohoratua den tenpluaren handitasun ukiezinean jarri zutenei.
13 Heliodorok, ordea, erregearen aginduak zirela eta, aberastasun haiek erregearen altxortegirako bahitu beharrekoak zirela zioen gogor.
14 Esaniko egunean, Heliodorok tenpluan sartu nahi zuen hango aberastasunen ikerketa egitera. Nahigabe handia hedatu zen hiri osoan.