15 Ez ziren arduratzen beren aberriaren ohoreaz, eta greziarren arteko ospeak gogo bizienaz estimatzen zituzten.
16 Horrexegatik, egoera penagarrian gertatu ziren: greziarren jokabideak eta biziera hartu nahi zituzten, eta eredu eta imitagarritzat hartu nahi zituzten greziarrak berak bihurtu zitzaizkien etsai eta borrero.
17 Ezin dira Jainkoaren legeak hautsi ondoriorik jasan gabe, gerora ikusiko denez.
18 Tiro hirian lau urtez behingo jokoak, erregea bertan zela, egiten ari zirenean,
19 antiokiar hiritartasuna zuten jerusalemdar batzuk bidali zituen Jason nazkagarriak. Zilarrezko hirurehun txanpon zeramatzaten Herakleoren omenez egiten zen sakrifiziorako. Eramaileek, ordea, egokiago iritzi zioten diru hura opari hartan baino beste zerbaitetan eralgitzeari.
20 Eta horrela, bidaltzaileak Herakleorentzako oparitan eralgi nahi zuen dirua, hiru arraun-lerroko itsasontziak egiteko eman zuten eramaileek.
21 Menesteoren seme Apolonio Egiptora bidali zuten Filometorren errege-koroapenerako. Orduan jakin zuen Antiokok Filometor erregea ez zetorrela bat beraren politikarekin. Bere segurtasunaz kezkaturik, Antiokok, Jope hirian zehar, Jerusalemera jo zuen.