17 Ezin dira Jainkoaren legeak hautsi ondoriorik jasan gabe, gerora ikusiko denez.
18 Tiro hirian lau urtez behingo jokoak, erregea bertan zela, egiten ari zirenean,
19 antiokiar hiritartasuna zuten jerusalemdar batzuk bidali zituen Jason nazkagarriak. Zilarrezko hirurehun txanpon zeramatzaten Herakleoren omenez egiten zen sakrifiziorako. Eramaileek, ordea, egokiago iritzi zioten diru hura opari hartan baino beste zerbaitetan eralgitzeari.
20 Eta horrela, bidaltzaileak Herakleorentzako oparitan eralgi nahi zuen dirua, hiru arraun-lerroko itsasontziak egiteko eman zuten eramaileek.
21 Menesteoren seme Apolonio Egiptora bidali zuten Filometorren errege-koroapenerako. Orduan jakin zuen Antiokok Filometor erregea ez zetorrela bat beraren politikarekin. Bere segurtasunaz kezkaturik, Antiokok, Jope hirian zehar, Jerusalemera jo zuen.
22 Jasonek eta hiritarrek ongietorri handia egin zioten, eta lastargi eta oihu artean sartu zen. Gero, Feniziaraino joan zen Antioko bere gudarostearekin.
23 Hiru urteren buruan, lehen aipatua dugun Simonen anaia Menelao bidali zuen Jasonek, erregeari dirua eraman eta garrantzizko arazoen negoziaketa egin zezan.