29 Menelaok bere anaia Lisimako utzi zuen bere ordezko apaiz nagusi, eta Sostratesek zipretar gudarien buruzagi zen Krates.
30 Bitartean, Tarso eta Malos hirietako bizilagunak asaldatu egin ziren, beraien hiriak erregearen ohaide Antiokideri erregalu eman zizkiotelako.
31 Erregea bizkor joan zen istilu hura zuzentzera, handikietako bat, Androniko, bere ordezko utzirik.
32 Menelaok, egokiera ederra zuela ikusiz, santutegian urrezko ontzi batzuk ostu eta Andronikori erregalatu zizkion; beste batzuk, berriz, Tiron eta inguruetako hirietan saldu zituen.
33 Horren berri ziur jakitean, Antiokiatik hurbil dagoen Dafneko santutegira babesleku bila joana zen Oniasek aurpegira bota zion okerkeria hura Menelaori.
34 Baina honek, Androniko bakarrean harturik, Onias hiltzera bultzatu zuen. Orduan, Andronikok, Oniasen bila joan eta, azpikeriaz, bereganatu egin zuen honen konfiantza. Eskuineko eskua luzatuz zin egin zion eta babeslekutik atera zedin lortu zuen, nahiz eta Oniasek zalantzak zituen. Atera orduko hil egin zuen, justiziari inolako begiramenik izan gabe.
35 Hori zela eta, juduak ez ezik, beste nazioetako asko ere haserretu egin ziren eta ezin izan zuten eraman gizon hura halako bidegabekeriaz hilarazi izana.