38 Eta haserre sutan, erantzarazi egin zion Andronikori purpurazko soinekoa eta jantziak urratu; gero, Onias maltzurkeriaz hil zuen tokiraino hirian barrena eraman eta bertan desagerrarazi zuen mundu honetatik hiltzaile hura. Merezitako zigorra eman zion horrela Jaunak.
39 Menelaoren oniritziz, lapurreta sakrilego asko egin zuen Lisimakok Jerusalemen. Albiste hau zabaldu zenean, asaldatu egin zen herria Lisimakoren kontra. Ordurako, sakabanatua zen urrezko gauza asko.
40 Jende guztia haserrez gainezka asaldatu zelarik, hiru mila gizon armatu zituen Lisimakok eta jendearen kontrako erasoa hasi, zaharra bezain eroa zen Aurano izeneko baten buruzagitzapean.
41 Lisimako erasotzen ari zela ohartzean, batzuek harriak eta beste batzuek makilak hartu zituzten; beste batzuek, berriz, han zegoen errautsa esku beteka; eta denek zalapartaka Lisimakoren jendearen kontra jo zuten.
42 Haietako asko zauritu eta beste batzuk hil ere egin zituzten; gainerakoei ihes eragin zieten. Profanatzailea bera ere hil egin zuten tenpluko altxortegi ondoan.
43 Gertakari hauengatik auzitara eraman zuten Menelao.
44 Antioko erregea Tirora heltzean, Jerusalemgo arduradunen biltzarrak bidalitako hiru gizonek zuzenbide egiteko eskatu zioten.