42 Haietako asko zauritu eta beste batzuk hil ere egin zituzten; gainerakoei ihes eragin zieten. Profanatzailea bera ere hil egin zuten tenpluko altxortegi ondoan.
43 Gertakari hauengatik auzitara eraman zuten Menelao.
44 Antioko erregea Tirora heltzean, Jerusalemgo arduradunen biltzarrak bidalitako hiru gizonek zuzenbide egiteko eskatu zioten.
45 Bere burua galdua ikustean, dirutza handia agindu zion Menelaok Ptolomeori, Dorimenoren semeari, baldin eta erregea haren alde jartzea lortzen bazuen.
46 Ptolomeok, haizea hartzeko aitzakiaz, atarira eraman zuen erregea eta iritziz aldarazi.
47 Orduan, salakuntza guztietatik libre bidali zuen erregeak Menelao, kalte guztien egilea. Eta hiru dohakabe haiek, aldiz, hiltzera kondenatu zituen, basatiak bezain epaile gogorren aurrean ere libre aterako ziren arren.
48 Horrela, hiria, herria eta gauza sakratuak defendatu zituzten haiek hil egin zituzten berehala.