16 Ez digu inoiz ere ukatzen bere errukia. Zoritxarren bidez hezten duenean ere, ez du bere herria eskutik uzten.
17 Esan dugun hau izan bedi zentzapenerako. Eta honen ondoren, goazen kontakizunaren harira.
18 Eleazar lege-maisu nagusienetakoa zen, adin handikoa eta itxura bikainekoa. Ahoa zabaltzera behartu eta txerrikia janarazi nahi zioten.
19 Bera, berriz, bizitza lotsagarria baino heriotza ospetsua nahiago zuenez, bere gogoz zihoan makilakadak hartzera,
20 ahoan zeukana botaz. Horrelaxe egin behar dute debekatutako janaria gutxiesteko adorea dutenek, nahiz eta bizia arriskuan jarri.
21 Legearen kontrako otordu hartan buru zirenek aparte hartu zuten Eleazar. Aspalditik ezaguna zutenez, jatea zilegi zitzaion okela berak prestatu eta ekartzeko esaten zioten, eta erregeak agindu bezala sasijainkoei eskainitako okela zeneko itxurak eginez jan zezala;
22 horrela, heriotzatik libratuko zela eta, lehen beraiekin izan zuen adiskidetasunagatik, gizabidez erabiliko zutela.