8 Judas ezarian-ezarian aurrera egiten ari zela eta haren garaipenak geroz eta gehiago zirela ikusirik, Filipok Ptolomeori —Koele-Siria eta Feniziako gudalburuari— idatzi zion erregearen interesak defendatzen laguntzera etor zekion.
9 Patrokloren seme Nikanor, erregearen adiskiderik gorenetako bat, izendatu zuen berehala Ptolomeok eta, nazio guztietatik gutxienez hogei mila gizonek osaturiko gudarostearen buru jarririk, judu-herri osoa suntsitzera bidali zuen. Eta Gorgias eman zion lagun, gerra-arazoetan oso ikasia baitzen gudalburu hura.
10 Erregeak erromatarrei zor zien zerga —berrogeita hamalau mila kilo zilarrekoa— judu-presoak salduz ordain zezakeela uste zuen Nikanorrek.
11 Eta judu-esklaboak erostera etortzeko deia igorri zuen kostaldeko hirietara, hogeita zazpi kilo zilarretan laurogeita hamar esklabo emango zituela aginduz. Ez zuen sumatzen Ahalguztidunaren zigorra gainera zetorkiola berehala.
12 Nikanor gudua egitera zetorrela jakitean, Judasek etsaia laster hurbilduko zitzaiela adierazi zien bere lagunei.
13 Orduan, beldurtiak eta Jainkoak mendekatuko zituela uste ez zutenak ihesi joan ziren handik.
14 Gainerakoek, gelditzen zitzaiena saldu eta, aldi berean, otoitz zegioten Jaunari, borroka hasi baino aurretik ere Nikanor maltzurrak salduak zituenak libratzeko eskatuz.