1 Aldi hartan, Antiokok lotsagarri alde egin behar izan zuen Pertsiako eskualdeetatik.
2 Izan ere, Pertsepolis izeneko hirian sarturik, hango jauretxean lapurreta egin eta hiria menderatu nahi izan zuen; baina jendeak, horren aurrean asaldaturik, armak hartu zituen eta, herrialde hartako jendea nagusitu zitzaiolarik, Antiokok alde egin behar izan zuen lotsaz betea.
3 Ekbatana hirian zegoelarik, Nikanorri eta Timoteoren gudarosteari gertatuaren berri jakin zuen Antiokok.
4 Amorruaren amorruz bere onetik aterata, ihes eragin ziotenek berari eginiko iraina juduei ordainaraztea pentsatu zuen. Horregatik, bidaia burutu arte gelditu gabe aurrera egiteko agindu zion gurdi-gidariari. Baina gainera zetorkion Jainkoaren epaia, harrokeriaz esana baitzuen: «Jerusalemera heltzean, juduen hilobi bihurtuko dut hiria».
5 Dena ikusten duen Jaunak, Israelen Jainkoak, gaitz sendaezin eta ikusezina eman zion. Hitz haiek esaten ari zela, kenezineko mina sumatu zuen erraietan eta izugarrizko oinazeak barruan.
6 Ongi merezia zuen hori, besteen erraiak zigor ugari eta ankerrez oinaztatu baitzituen berak.