19 «Antioko errege eta buruzagiak bere hiritar dituen judu prestuei agurrik beroena, osasuna eta ongizatea opatuz.
20 Espero dut, zuek eta zuen seme-alabak, Jainkoari esker, ongi izango zaretela eta gauzak zeuek nahi bezala aterako zaizkizuela.
21 Bihotz-bihotzez oroitzen naiz zuek niretzat duzuen errespetu eta oniritziaz. Pertsiako eskualdeetatik nentorrelarik, eritasun larria harrapatu nuen, eta beharrezkoa iruditu zait denen segurtasunaz arduratzea.
22 Ez nago neure egoeraz etsia, baizik eta zinez uste dut aterako naizela gaixoaldi honetatik.
23 Baina oroitzen naiz, gure aitak ere, iparraldeko lurraldeetan guda-ibilaldia egitera joan zenean, bere ondorengoa izendatu zuela.
24 Horrela, ustekabekoren bat gertatu nahiz berri txarren bat etorriz gero, herrialdeko jendea ez zen larrituko, jakingo baitzuen agintea nori zion utzia.
25 Gainera, gogoan dut, gure erreinuaren mugetan diren auzoko erregeak erne daudela zer gertatuko eta egokiera noiz etorriko. Horregatik, neure seme Antioko izendatzen dut errege. Maiz utzi izan dut neure seme hau zuetako askoren ardurapean eta zainpean, iparraldeko eskualdeetara joan beharra izan dudanean. Berari idatzi diot gutun honen jarraian idatzia dagoena.