25 Gainera, gogoan dut, gure erreinuaren mugetan diren auzoko erregeak erne daudela zer gertatuko eta egokiera noiz etorriko. Horregatik, neure seme Antioko izendatzen dut errege. Maiz utzi izan dut neure seme hau zuetako askoren ardurapean eta zainpean, iparraldeko eskualdeetara joan beharra izan dudanean. Berari idatzi diot gutun honen jarraian idatzia dagoena.
26 Beraz, hauxe esaten eta eskatzen dizuet: zuek guztiok eta zuetariko bakoitzak niregandik hartutako mesedeak kontuan izanik, niretzat izan duzuen onginahia izan dezazuela nire semearentzat ere.
27 Ziur nago, neurriz eta gizalegez beteko dituela nire asmoak, eta zuekin bat etorriko dela».
28 Giza hiltzaile eta biraolari hark heriotza negargarria izan zuen atzerrian, mendi artean. Berak besteei sufriarazi zizkien bezalako oinaze izugarriak jasanez hil zen.
29 Erregearen lagun zen Filipok eraman zuen gorpua; baina Antiokoren semearen beldurrez, Egiptora joan zen, Ptolomeo Filometorrengana.