3 Ekbatana hirian zegoelarik, Nikanorri eta Timoteoren gudarosteari gertatuaren berri jakin zuen Antiokok.
4 Amorruaren amorruz bere onetik aterata, ihes eragin ziotenek berari eginiko iraina juduei ordainaraztea pentsatu zuen. Horregatik, bidaia burutu arte gelditu gabe aurrera egiteko agindu zion gurdi-gidariari. Baina gainera zetorkion Jainkoaren epaia, harrokeriaz esana baitzuen: «Jerusalemera heltzean, juduen hilobi bihurtuko dut hiria».
5 Dena ikusten duen Jaunak, Israelen Jainkoak, gaitz sendaezin eta ikusezina eman zion. Hitz haiek esaten ari zela, kenezineko mina sumatu zuen erraietan eta izugarrizko oinazeak barruan.
6 Ongi merezia zuen hori, besteen erraiak zigor ugari eta ankerrez oinaztatu baitzituen berak.
7 Hala ere, ez zuen burua makurtu bere handiustean. Geroz eta harrotuago, juduenganako amorru-sua zeriola, lasterrago joateko agintzen zuen. Baina, gurdia abiada bizian zihoalarik, erori egin zen bertatik Antioko, eta, halako erorketa txarrean, gorputz-atal guztiak kolpatuak gelditu baitzitzaizkion.
8 Eta lehentxeago, gizona baino handiagoa zelakoan, itsas uhinei agindu eta mendi-gailurrak balantzan pisa zitzakeela uste zuena, lurrera erori ondoren, esku-ohatilan zeramaten orain. Horrela, argi ikusi ahal izan zuten denek Jainkoaren ahalmena.
9 Zital hari gorputzetik harrak ateratzen zitzaizkion mordoka eta, oraindik bizirik zegoela, pusketaka erortzen zitzaion haragia, ikaragarrizko minez. Eta halako kiratsa zerion, ezen gudaroste osoari nazka ematen baitzion ustelkeria hark.