Deuteronomioa 1 EABD

Sarrera

1 Hauek dira Moisesek Israel herri osoari zuzenduriko hitzaldiak, Jordanez beste aldean, basamortuan, Sufen aurrez aurre dagoen haranean, hau da, Paran eta Tofel, Laban, Hatzerot eta Di-Zahaben arteko haranean.

2 Hamaika eguneko ibilaldia dago Horebetik Kadex-Barnearaino Seir mendialdeko bidetik.

3 Berrogeigarren urteko hamaikagarren hilaren lehen egunean mintzatu zitzaien Moises israeldar guztiei, Jaunak aginduriko guztia adieraziz,

4 Hexbonen bizi zen amortarren errege Sihon eta Axtarot-en eta Edrei-n bizi zen Baxango errege Og garaitu eta gero.

5 Moises ondorengo irakaspena azaltzen hasi zitzaien israeldarrei Jordanez beste aldean, Moab lurraldean.

MOISESEN LEHENENGO HITZALDIA: BERROGEI URTE BASAMORTUAN (1,6—4,43)

Jainkoak Horeb menditik abiatzeko agindu

6 Moisesek esan zuen: «Honela mintzatu zitzaigun Jauna geure Jainkoa Horeb mendian: Luzaro egon zarete jadanik mendi honen ondoan.

7 Abia zaitezte eta joan amortarren mendialde eta inguruetara: haranera, mendialdera eta Xefela lautadara, Negevera eta kostaldera, kanaandarren lurraldera eta Libanora, Eufrates ibai handiraino.

8 Hara, eskura ematen dizuet lurralde hori: joan eta jabetu nik, Jaun honek, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi eta beraien ondorengoei zin eginez agindutako lurraldeaz.

Herriarentzat epaile eta buruzagiak ezarri

9 «Orduan esan nizuen: Nik bakarrik ezin zaituztet eraman:

10 Jaunak zeuen Jainkoak ugaldu egin zaituzte eta, egun, zeruko izarrak bezain ugari zarete.

11 Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak mila bider ugariago egin eta bedeinka zaitzatela, hitzeman dizuen bezala.

12 Baina nola eraman dezaket nik bakarrik zuen arazo eta auzien zama?

13 Aukera itzazue leinu bakoitzetik gizon jakintsu, buruargi eta trebatuak, eta zuen buru ezarriko ditut.

14 «Nire proposamenari ongi irizten zeniotela erantzun zenidaten.

15 Orduan, zuen artetik gizon jakintsu eta trebatuak hartu eta zuen buru ezarri nituen: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru; eta leinuentzat funtzionarioak izendatu nituen.

16 «Agindu hauek eman nizkien zuen epaileei: “Herritarren auziak entzun eta zuzenbidez erabakiko dituzue, auziok beste herritarrekin nahiz etorkinekin izan.

17 Ez duzue alderdikeriaz epaituko: entzun txikiei handiei bezala, eta ez izan inoren beldur, Jainkoa baita benetako epailea. Auziren bat zailegia gertatzen bazaizue, jo niregana eta neuk erabakiko dut”.

18 Aldi hartan bertan, egin behar zenuten guztiaz aginduak eman nizkizuen.

Aginduriko lurraldera bidean

19 «Beraz, Jaunak gure Jainkoak agindu bezala, Horebetik abiatu eta ikusi duzuen basamortu handi eta beldurgarri honetan barrena ibili ginen, amortarren mendialdera bidean, Kadex-Barneara iritsi arte.

20 Orduan esan nizuen: Jaunak gure Jainkoak ematen digun amortarren mendialdera iritsi zarete.

21 Begira, Jaunak zeuen Jainkoak eskura ematen dizue lurraldea. Joan eta jabetu hartaz, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala. Ez izan beldur! Ez kikildu!

Moisesek ikertzaileak bidali aurretik

22 «Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun aurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten.

23 «Ongi iruditu zitzaidan proposamena, eta hamabi gizon bereizi nituen, leinu bakoitzeko bat.

24 Haiek mendialderantz abiatu eta, Exkol ibarrera iritsirik, inguruak ikertu zituzten.

25 Hango zenbait fruitu hartu zuten eta, itzultzean, Jaunak geure Jainkoak ematen zigun lurraldea ederra zela adierazi ziguten.

Herria errebelatu

26 «Zuek, ordea, ez zenuten igo nahi izan, baizik eta Jaunaren zeuen Jainkoaren esana desobeditu

27 eta etxoletan marmarrean hasi zineten, esanez: Gorrotoa digulako atera gaitu Jaunak Egiptotik, amortarren esku utzi eta suntsitzeko.

28 Nora joko dugu orain? Mandatariek adore gabe utzi gaituzte esanez, hango jendea gu baino handiagoa eta indartsuagoa dela, hiriak handiak, zerurainoko harresiz inguratuak, eta Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi dituztela.

29 «Nik esan nizuen: Ez ikaratu! Ez izan haien beldur!

30 Jauna zeuen Jainkoa aurretik doakizue eta zuen alde borrokatuko da, Egipton zuen begi-bistan egin zuen bezala;

31 basamortuan ere ikusi ahal izan duzue nola Jaunak zeuen Jainkoak, aitak bere haurra bezala, ekarri zaituzten honaino bide guztian zehar.

32 «Hala eta guztiz ere, ez zineten Jaunarengan zeuen Jainkoarengan fidatu,

33 etxolatzeko lekua zuei aurkitzeko, bera bidean aurretik zihoakizuen arren, gauez suaren bidez bidea argituz, eta egunez lainoaren bidez gidatuz.

Jaunak israeldarrak zigortu

34 «Aditu zituen Jaunak zuen marmarioak eta, sumindurik, honela egin zuen zin:

35 Belaunaldi gaizto honetako gizaseme batek ere ez du ikusiko zuen arbasoei zin eginez agindutako lurralde ederra,

36 Jefuneren seme Kalebek izan ezik: honek, bai, ikusiko du, eta berari eta beraren ondorengoei emango diet ikertzen ibili den lurraldea, guztiz leiala izan baitzait.

37 «Zuen erruz, nirekin ere haserretu egin zen Jauna, eta esan zidan: Zu zeu ere ez zara lurralde horretan sartuko.

38 Nunen seme Josue, zure laguntzailea, izango da sartuko dena. Emaiozu adore, berak eskuratuko baitio lurraldea Israel herriari.

39 Zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, ongia eta gaizkia bereizteko gai ez diren haurrak, sartuko dira lurraldean: horiei emango diet eta bertako jabe izango dira.

40 Zuei dagokizuenez, egin bira eta jo basamorturantz, Itsaso Gorrirantz.

Amortarrek israeldar errebeldeak garaitu

41 «Zuek erantzun zenidaten: “Bekatu egin dugu Jaunaren aurka! Baina orain borroka egingo dugu, Jaunak geure Jainkoak agindu digun bezala”. Eta guztiok armak hartu zenituzten, mendira aise igoko zinetelakoan.

42 Baina Jaunak esan zidan: Agindu ez igotzeko borrokara, ni ez bainago beraiekin. Etsaiek hondatu egingo dituzte.

43 «Esan nizuen arren, ezentzun egin zenidaten. Desobeditu egin zenioten Jaunari eta, zeuen ausarkerian, mendira igo zineten.

44 Orduan, mendialdean bizi ziren amortarrek, bidera irten eta erle-piloak bezala pertsegituz, garaitu egin zintuzteten Seirtik Hormaraino.

45 Itzuleran, negar egin zenuten Jaunaren aurrean, baina ez zizuen aditu, ez jaramonik egin.

46 Horregatik gelditu zineten hainbeste denbora Kadexen bizitzen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34