Deuteronomioa 20 EABD

Gerra santua

1 «Gerrara irtetean, etsaiek zaldiak eta guda-gurdiak eta zuena baino gudaroste handiagoa dutela ikusi arren, ez izan beldur, zeuekin izango baituzue Jauna zeuen Jainkoa, Egiptotik atera zintuztena.

2 «Borroka-ordua iristean, apaizak aurreratu eta gudarosteari hitz egingo dio:

3 “Entzun, israeldarrok! Gaur etsaien aurka borrokatuko zarete. Ez kikildu, ez izan beldur! Ez asaldatu, ez ikaratu etsaien aurrean!

4 Jauna zuen Jainkoa zuekin doa, etsaien aurka borrokatzeko eta garaipena zuei emateko”.

5 «Ondoren, ofizialek hitz egingo diote gudarosteari: “Zuetako norbaitek etxe berria eraiki eta oraindik estreinatu ez badu, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta etxea beste norbaitek estreina ez dezan.

6 Edota norbaitek mahastia landatu eta oraindik haren lehen fruituak bildu ez baditu, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta lehen fruituak beste norbaitek bil ez ditzan.

7 Edota norbait emakume bati ezkontza-hitza eman eta oraindik harekin ezkondu ez bada, itzul bedi etxera, bera borrokan hil eta emakumearekin beste norbait ezkon ez dadin”.

8 «Ofizialek beste hau ere esango diote gudarosteari: “Beldurrez eta kikildurik dagoena, itzul bedi etxera, borroka-lagunak adoregabe ez ditzan”.

9 «Hitzaldia bukatu ondoren, ofizialek buruzagiak izendatuko dituzte gudari-taldeentzat.

10 «Erasotzeko asmoz hiri batera hurbiltzean, bakea proposatuko diozue lehenbizi.

11 Bake-proposamena onartu eta ateak zabaltzen badizkizuete, zeuentzat lan egitera behartuko dituzue bertako bizilagunak.

12 Baina bake-baldintzak onartu ez eta gerra deklaratzen badizuete, setiatu egingo duzue hiria,

13 eta, Jaunak zuen Jainkoak hura zuen esku jartzean, bertako gizonezko guztiak ezpataz hilko dituzue.

14 Emakumezkoak, haurrak, abereak eta hiriko ondasunak, berriz, guda-harrapakintzat hartuko dituzue eta Jaunak zeuen Jainkoak emandako etsaien harrapakinez janarituko zarete.

15 «Horrelaxe jokatuko duzue urrutiko hiriekin, hemengo herrietakoak ez direnekin, alegia.

16 Baina Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizkizuen herrialdeetako hirietan ez duzue inor bizirik utziko.

17 Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak agindu bezala, erabat suntsituko dituzue hititak, amortarrak, kanaandarrak, periztarrak, hibiarrak eta jebustarrak,

18 beren jainkoen ohorez egiten dituzten higuingarritasunak irakats ez diezazkizueten eta, horrela, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin ez dezazuen.

19 «Hiri bat, eraso eta konkistatu aurretik, luzaroan setiatu behar baduzue, ez dituzue inguruko arbolak aizkoraz botako, beraien fruituez janaritu beharko duzue eta. Gizaki ote dira, bada, arbolak, setiatutzat hartzeko?

20 Hala ere, fruta-arbolak ez diren zuhaitzak bota ditzakezue, gerran ari zaizuen hiriaren kontrako eraso-tresnak egiteko, hiria erori arte.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34