Deuteronomioa 8 EABD

Israelen heziketa basamortuan

1 «Saiatu betetzen gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok, bizirik iraun, ugaldu eta Jaunak zuen arbasoei zin eginez hitzemandako lurraldeaz jabetzera sar zaitezten.

2 Gogoratu Jaunak zeuen Jainkoak basamortuan berrogei urte hauetan eginarazi dizuen bidea: egoera latzean jarri zintuzten probatzeko, zuen barne-asmoak ezagutzeko eta bere aginduak beteko zenituzten ala ez jakiteko.

3 Behar gorrian jarri zintuzten, gosea pasarazi eta mana eman zizuen jaten, ez zuek, ez zuen arbasoek, ezagutzen ez zenuten janaria, zuei jakinarazteko, gizakia ez dela ogiz bakarrik bizi, baizik Jaunak esaten duenetik bizi dela.

4 Berrogei urte hauetan ez zaizue arroparik higatu, ez oinik handitu,

5 ohar zaitezten zeuen baitan, aitak semea bezala zentzarazi zaituztela Jaunak zeuen Jainkoak.

6 Beraz, bete Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak, ibili berak erakutsitako bidetik eta bizi berarenganako begirunean.

Agindutako lurraldeko tentazioak

7 «Jaunak zeuen Jainkoak lurralde ederrera eramango zaituzte: lurralde oparoa da, errekaz, iturriz eta ibar eta mendian sorturiko iturburuz hornitua,

8 gari, garagar, mahasti, pikondo, granadondo, olibondo eta eztiz hornitua;

9 neurririk gabe jan ahal izango duzue ogia, eta ez zaizue ezer falta izango; hango harriek burdina dute eta mendietatik kobrea aterako duzue.

10 Ase arte jango duzue, beraz, eta Jauna zeuen Jainkoa bedeinkatuko, eman dizuen lurralde ederrarengatik.

11 «Baina kontuz! Ez ahaztu gero Jauna zeuen Jainkoa, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak bete gabe utziz.

12 Ez dadila gerta, ase arte jatean, zeuek eraikitako etxe ederretan bizitzean

13 eta zeuen behi eta arkumeak, zilar eta urreak eta era guztietako ondasunak gehitzean,

14 zuek harrotu eta Jauna zeuen Jainkoa ahazturik uztea. Bera da Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zaituztena;

15 bera da suge pozoitsu eta eskorpioiz beteriko basamortu handi eta ikaragarritik, ur-tantarik gabeko eremu elkor horretatik, eraman zaituztena; bera, suharritik ura atera eta edaten eman dizuena;

16 bera, zuen arbasoek ezagutu ez zuten mana jaten eman dizuena. Probatu egin zaituzte, bai, egoera latzean jarriz, baina zeuen onerako izan da azken batean.

17 «Ez esan zeuen buruari: “Geure indarrez eta trebeziaz lortu dugu aberastasun hau”;

18 baizik eta gogoratu, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuela aberastasuna lortzeko indarra; horrela, leial eusten dio gaur ere zuen gurasoei zin eginez hitzemandakoari.

19 «Baina noizbait Jauna zeuen Jainkoa ahazten baduzue, jainko arrotzen atzetik joan eta, haien aurrean ahuspezturik, gurtza ematen badiezue, zinez diotsuet gaur guztiz galduko zaretela.

20 Aurrean aurkituko dituzuen herriak desegingo dituen bezala desegingo zaituzte Jaunak, berari, zeuen Jainkoari, obeditzen ez badiozue.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34