Deuteronomioa 21 EABD

Giza hiltzaile ezezaguna

1 «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean norbait landan lurrean hilda azaldu eta nork hil duen ez badakizue,

2 herri-arduradunek eta epaileek bertara joan eta gorpuaren eta inguruko hirien arteko luze-laburra neurtuko dute.

3 Hildakoagandik hurbilen legokeen hiriko arduradunek bigai bat hartuko dute, behin ere lanean jardun edo uztarrian lotu gabea.

4 Sekula agortzen ez den erreka baten ondora, inoiz landu eta erein gabeko tokira, eraman eta lepo-hezurra hautsiko diote.

5 «Orduan, apaiz lebitarrak hurbilduko dira, horiek aukeratu baitzituen Jaunak zuen Jainkoak bere liturgi zerbitzurako eta beraren izenean herria bedeinkatzeko, eta beraiei baitagokie lege-auziak eta arazo kriminalak erabakitzea.

6 Ondoren, hilketa-tokitik hurbilen dagoen hiriko arduradun guztiek eskuak garbituko dituzte errekan eta lepo-hezurra hautsitako bigaiari gainean ezarriko,

7 esanez: “Gure eskuak ez du horren odolik isuri, ezta begiek ezer ikusi ere.

8 Barka, Jauna, askatu duzun zeure herri Israeli, eta ez utzi zeure herrian errugabeen hilketarik gertatzen”.«Eta hilketa ez zaie leporatuko.

9 Horrela, Jaunari atsegin zaiona eginez, hilketaren errua ezabatu egingo duzue zeuen artetik.

Neskatxa gatibuekin ezkontzea

10 «Gerrara atera eta, Jaunak zeuen Jainkoak etsaiak eskura emanik, gatibuak egitean,

11 zuetako norbaitek haien arteko neska ederren bat ikusi eta, hartaz maitemindurik, emaztetzat hartu nahi badu,

12 eraman dezake etxera. Emakumea, ilea eta azkazalak moztu,

13 gatibu-soinekoa erantzi eta etxean geldituko da hilabete batez bere aita-amengatik negar egiten. Dolualdia igaro ondoren elkartuko zaio gizona, eta senar-emazte izango dira.

14 Geroago atsegin ez bazaio, libre joaten utziko dio; ez du salduko diru truke, ezta esklabo egingo ere, berea izatera behartu baitu.

Lehen-semearen eskubideak

15 «Eman dezagun gizon batek bi emazte dituela eta bata bestea baino maiteago duela, eta, batak zein besteak seme-alabak eman dizkion arren, gutxiago maite duenarena dela lehen-semea.

16 Semeen artean ondarea banatzean, ezin emango dio lehen-semetzaren eskubidea maiteago duen emaztearen semeari, gutxiago maite duen emaztearen semearen, benetako lehen-semearen, kaltetan.

17 Aitzitik, gutxiago maite duen emaztearen semea aitortuko du lehen-seme eta, ondare guztitik, beste semeei dagokiena baino bi aldiz gehiago emango dio; seme hori izan da aitaren gizontasunaren lehen emaitza eta berari dagokio lehen-semetzaren eskubidea.

Seme bihurria

18 «Eman dezagun guraso batzuek seme zentzakaitza eta bihurria dutela, aita-amen esana egiten ez duena eta, zentzarazten saiatu arren, kasurik egiten ez diena;

19 gurasoek semea hartu eta herri-arduradunengana eramango dute auzitegira,

20 eta esango diete: “Gure seme hau zentzakaitza eta bihurria da, ez digu esana egiten; tripontzi eta mozkorra da!”

21 Orduan, hiritarrek harrika emango diote hil arte. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik; horren berri jakitean, beldur izango dira israeldar guztiak.

Urkabetik zintzilikatuari lur ematea

22 «Heriotza-zigorra merezi duen bekatu batengatik norbait urkabean hiltzen baduzue,

23 gorpua ez da gauez bertan geldituko. Egun berean emango diozue lur, Jainkoaren madarikazioa erakartzen baitu zintzilikatuak, eta ez baituzue kutsatu behar Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizuen lurraldea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34