Deuteronomioa 9 EABD

Aginduriko lurraldea Jainkoaren dohain

1 «Entzun, israeldarrok! Jordan ibaia igaroko duzue gaur, zuek baino herri handi eta ahaltsuagoen lurraldeaz jabetzeko; hiri handiak, zerurainoko harresiz inguratuak ditu lurralde horrek;

2 Anak erraldoiaren ondorengoak bizi dira bertan, altuera handiko jendea. Ezaguna duzue horiei buruzko esaera: “Nork egin aurre Anaken ondorengoei?”

3 Gaur jakingo duzue Jauna zeuen Jainkoa aurretik igaroko zaizuela Jordan zeharkatzean, su kiskalgarria bezala: berak suntsitu eta makurraraziko ditu herri horiek zuen aurrean, eta zuek beren lurraldetik bota eta deuseztatu egingo dituzue berehala, Jaunak hitzeman bezala.

4 «Zuen Jainko Jaunak zuen aurretik haiek jaurtitzean, ez esan zeuen baitan: “Geure zuzentasunagatik ekarri gaitu Jaunak lurralde honetaz jabetzera”. Izan ere, herri horiek kanpora botatzen baditu, beren gaiztakeriagatik botatzen ditu.

5 Beraz, ez duzue lurralde hori jabetzan hartuko zuzenak edo bihotz zintzokoak zaretelako, baizik eta Jaunak zuen Jainkoak herri horiek beren gaiztakeriagatik botatzen dituelako eta Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzemandakoari leial eutsi nahi diolako.

6 Ohartu, bada, Jaunak zeuen Jainkoak lurralde eder horren jabetza ez dizuela zeuen merezimenduengatik ematen; izan ere, herri burugogor baitzarete.

Herriaren bekatua eta Moisesen erregua

7 «Ez ahaztu sekula sumindu egin zenutela Jauna zeuen Jainkoa basamortuan. Egiptotik irten eta hona iritsi arte, etengabe errebelatu izan zarete Jaunaren aurka.

8 «Horeb mendian sumindu egin zenuten Jauna eta, hainbesteraino haserretu zen, zuek suntsitzea erabaki baitzuen.

9 Ni mendian nintzen, Jaunak zuekin eginiko itunaren harlauzak jasotzera igota. Berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian ezer jan eta edan gabe.

10 Jaunak bi harlauza eman zizkidan, Jainkoak berak idatziak: harlauzetan, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazitako hitzak zeuden jasoak.

11 Berrogei egun eta berrogei gau haien buruan eman zizkidan Jaunak bi harlauzak.

12 Orduan, Jaunak esan zidan: Jaiki eta jaitsi berehala menditik, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu; laster asko okertu dira agindu nien bidetik: metal urtuzko irudia egin dute!

13 «Jaunak esan zidan gainera: Ikusia dut zein burugogorra den herri hau!

14 Uztazu suntsitzen eta beraren oroitzapena mundutik ezabatzen, eta zuregandik hori baino herri ahaltsuago eta jendetsuagoa sorraraziko dut.

15 «Sutan zegoen menditik jaitsi nintzen, itunaren harlauzak eskuetan nituela,

16 eta ikusi nuen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin zenutela, zekor-irudia eginez; laster asko okertu zineten Jaunak agindutako bidetik.

17 Orduan, harlauza biak jaurti eta puskatu egin nituen zuen aurrean.

18 «Gero, Jaunaren aurrean ahuspeztu nintzen eta, aurrekoan bezala, berrogei egun eta berrogei gau egin nituen ezer jan eta edan gabe, zuek egindako bekatuagatik barkamena eskatzen; izan ere, Jaunari gaizki iruditzen zitzaiona egin zenuten, bera haserraraziz.

19 Beldurrak jota nengoen, haserre bizian baitzegoen Jauna, zuek suntsitzea erabakitzeraino sumindua; baina, orduan ere, Jaunak aditu egin zidan.

20 Aaron bera ere suntsitu nahi izateraino zegoen Jauna haserre, eta Aaronen alde ere erregutu nuen.

21 Gero, bekatu egiteko erabili zenuten zekorra hartu eta sutara bota nuen eta, xehe-xehe egiteraino erraustu ondoren, menditik zetorren errekara isuri.

22 «Taberan, Masan eta Kibrot-Taaban ere sumindu zenuten Jauna.

23 Eta berak emandako lurraldeaz jabetzera Kadex-Barneatik bidali zintuztenean ere, ez zenioten obeditu: ez zineten berarengan fidatu, ezta jaramonik egin ere.

24 Ezagutzen zaituztedan egunetik errebelde izan zatzaizkiote Jaunari.

Jaunak Moisesen erreguari erantzun

25 «Horrela bada, zuek suntsitzeko Jaunaren mehatxua zela eta, berrogei egun eta berrogei gau egin nituen Jaunaren aurrean ahuspezturik.

26 Honela egin nion otoitz: Jainko Jauna, ez hondatu zeure herria, zeure ondarea, handikiro askatu eta Egiptotik ahalmen handiz atera duzuna.

27 Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob, zeure zerbitzariak, eta ez hartu aintzakotzat herri honen setakeria, desleialkeria eta bekatua.

28 Egiptotik atera gaituzu; ez dezatela herrialde hartakoek esan: “Jaunak ezin izan ditu eraman hitzeman zien lurraldera”, edota “Gorrotoa zielako atera ditu, basamortuan hilarazteko”.

29 Jauna, zeure herria duzu, zeure ondarea, ahalmen ikaragarriz zeuk Egiptotik atera duzuna.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34