Deuteronomioa 13 EABD

Israeldarrek idolatriari aurre egin behar

1 «Saiatu nik ematen dizkizuedan aginduak betetzen: ez erantsi, ez kendu ezer.

2 «Gerta daiteke profeta edo ikusketariren bat zuen artean agertzea, eta, mirari edo egintza harrigarriren bat iragarriz,

3 ezezagunak dituzuen jainko arrotzen atzetik joan eta gurtzeko eskatzea. Iragarritakoa egiaz gertatuko balitz ere,

4 ez egin kasurik profetaren esanei, ezta ikusketariaren ikuskariei ere; izan ere, horrela, probatu egin nahi zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, bera bihotz-bihotzez eta gogo osoz maite duzuen ikusteko.

5 Jarraitu Jaunari zeuen Jainkoari eta izan begirune berari, gorde aginduak eta egin haren esana, eman kultu Jaunari eta atxiki berari.

6 Delako profeta edo ikusketaria, berriz, hil egin behar da, Egiptotik atera eta esklabotzatik askatu zintuzten Jaunaren zuen Jainkoaren aurka errebeldia predikatu duelako eta Jaunak zuen Jainkoak agindutako ibilbidetik zuek saihesten ahalegindu delako. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

7 «Gerta daiteke ere, gehien maite duzuenetariko batek —anaiak, aita edo ama beraren semeak, zeure semeak edo alabak, emazteak berak edo lagun minak— isilka etorri eta jainko arrotzak gurtzera bultzatu nahi izatea, hau da, ez zeuek, ez zuen gurasoek ezagutu ez dituzuen jainkoak,

8 hurbileko herrienak nahiz urrutikoenak, munduko ertz batetik bestera diren herrienak, gurtzera bultzatu nahi izatea.

9 Ez egin kasurik, ez entzun ere; ez izan horrelakoen gupidarik, ez barkatu, ezta estali ere errua;

10 aitzitik, hil egin behar duzue, eta zeuek izango zarete lehenak halakoa hiltzen, eta herri osoa ondoren.

11 Harrika emango diozue hil arte, Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zintuzten Jaunarengandik zeuen Jainkoarengandik saihestu nahi izan zaituztelako.

12 Horrela, horren berri izatean, beldur izango dira israeldar guztiak eta uko egingo diote horrelako gaiztakeriak egiteari.

13-14 «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak bizitzeko emango dizkizuen hirietako batean, gizon gaizto-maltzurrak sortzea, ezagutzen ez dituzten jainko arrotzak gurtzera herritarrak bultzatu nahi izango dituztenak. Horrelakorik gertatzen ari dela entzungo bazenute,

15 ikertu lehenengo, zehatz-mehatz galdetuz eta aztertuz. Eta ikusten baduzue, egiaz gertatu dela zuen artean gaiztakeria hori,

16 zeharo suntsituko duzue hiria, barruan den guztiarekin: ezpataz garbituko dituzue jendea eta abereak,

17 eta harrapakin guztiak, plaza erdian bildurik, hiriarekin batera erreko dituzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez. Betiko hondamendi izango da eta ez dute sekula berreraikiko.

18 Ez gorde hiri horretako ezertxo ere, Jaunak bere haserrea baretu eta errukia azal diezazuen; orduan, gupidaturik, ugaldu egingo zaituzte, zuen arbasoei zin egin bezala;

19 eta hori, Jaunari zeuen Jainkoari obeditzeagatik, gaur ematen dizkizuedan aginduak bete eta berari ongi iruditzen zaiona egiteagatik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34