4 «Aurrez gorrotatzen ez duen norbait nahi gabe hiltzen duenak, hiri haietako batera egin dezake ihes, bizirik irauteko.
5 Demagun, adibidez, norbait lagunarekin basora zuhaitzak botatzera joaten dela eta, zuhaitza mozteko aizkorakada ematean, burdinak girtenetik ihes egin eta, laguna parean harrapaturik, hil egiten duela; horrelakoak hiri haietako batera ihes egin dezake eta bizia salbatu.
6 Hiriak urrutiegi baleude, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, amorruz bero-bero, atzetik segi, harrapatu eta hil lezake, nahiz eta hiltzaileak heriotzarik merezi ez, hildakoa aurrez gorrotatzen ez zuenez gero.
7 Horregatik agintzen dizuet hiru hiri horiek aukeratzeko.
8-9 «Gainera, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta haren bideetan bizitza osoan ibiliz, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok betetzen saiatzen bazarete, Jaunak zeuen Jainkoak, arbasoei zin egin bezala, zeuen lur-mugak hedatuko dizkizue eta agindutako lurralde osoa emango; orduan, aipatutako hiru hiriez gainera, beste hiru aukeratuko dituzue.
10 Horrela, ez da errugabeen odolik isuriko Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean, eta ez zarete hilketa-errudun gertatuko.
11 «Baina, lagun hurkoari gorroto dion norbaitek, zelatan jarri, eraso eta hiltzen badu eta hiri haietako batera ihes egiten,