7 Horregatik agintzen dizuet hiru hiri horiek aukeratzeko.
8-9 «Gainera, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta haren bideetan bizitza osoan ibiliz, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok betetzen saiatzen bazarete, Jaunak zeuen Jainkoak, arbasoei zin egin bezala, zeuen lur-mugak hedatuko dizkizue eta agindutako lurralde osoa emango; orduan, aipatutako hiru hiriez gainera, beste hiru aukeratuko dituzue.
10 Horrela, ez da errugabeen odolik isuriko Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean, eta ez zarete hilketa-errudun gertatuko.
11 «Baina, lagun hurkoari gorroto dion norbaitek, zelatan jarri, eraso eta hiltzen badu eta hiri haietako batera ihes egiten,
12 atxilotu eta ekartzeko aginduko dute beraren hiriko arduradunek eta mendeku-eskubidea duenaren esku utziko, hil dezan.
13 Ez izan horrelakoaz gupidarik! Horrela ezabatuko duzue errugabearen hilketa Israeldik, eta zoriontsu izango zarete.
14 «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emandako lurraldean, lehenengo iritsitakoek ondare-zatiak banatu eta mugarriak ezarriko dituzte. Ez aldatu sekula mugarriak lekuz auzokoaren kaltetan.