8 «Ofizialek beste hau ere esango diote gudarosteari: “Beldurrez eta kikildurik dagoena, itzul bedi etxera, borroka-lagunak adoregabe ez ditzan”.
9 «Hitzaldia bukatu ondoren, ofizialek buruzagiak izendatuko dituzte gudari-taldeentzat.
10 «Erasotzeko asmoz hiri batera hurbiltzean, bakea proposatuko diozue lehenbizi.
11 Bake-proposamena onartu eta ateak zabaltzen badizkizuete, zeuentzat lan egitera behartuko dituzue bertako bizilagunak.
12 Baina bake-baldintzak onartu ez eta gerra deklaratzen badizuete, setiatu egingo duzue hiria,
13 eta, Jaunak zuen Jainkoak hura zuen esku jartzean, bertako gizonezko guztiak ezpataz hilko dituzue.
14 Emakumezkoak, haurrak, abereak eta hiriko ondasunak, berriz, guda-harrapakintzat hartuko dituzue eta Jaunak zeuen Jainkoak emandako etsaien harrapakinez janarituko zarete.