1 Moisesek, Israelgo arduradunekin batera, agindu hau eman zion herriari: «Bete gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok.
2 Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldera joateko Jordan ibaia igaroko duzuen egunean, harritzar batzuk hartu, tente ipini eta karez zurituko dituzue.
3 Harrietan lege honen xedapen guztiak idatziko dituzue. Jordan ibaia igarotakoan egingo duzue hori, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldean sartzean, Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak esanaren arabera, esnea eta eztia darizkion lurraldean sartzean, alegia.
4 Jordan ibaia igarotzean, beraz, gaur agindu dizuedanez, Garizim mendian harriak tente ipini eta karez zurituko dituzue.
5 «Han, burdinazko tresnaz landu gabeko harriz eginiko aldarea eraikiko diozue Jaunari zeuen Jainkoari;
6 harri hutsez eraikiko duzue aldarea. Ondoren, erre-opariak eskainiko dizkiozue bertan Jaunari zeuen Jainkoari;
7 eskaini elkartasun-opariak ere eta jan bertan, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean festa eginez.