1 Moisesek israeldar guztiei dei egin eta esan zien: «Ikusi duzue Jaunak faraoiari, beraren funtzionario eta herrialde osoari Egipton zeuen begi aurrean egina:
2 ezaugarri handiak, mirari eta egintza ikaragarriak.
3 Hala ere, Jaunak adimena itsutu egin dizue gaurdaino eta ez zarete gauza izan ikusten eta entzuten zenutena ulertzeko.
4 «Berrogei urtez ibilarazi zaituzte Jaunak basamortuan, eta ez zaizkizue ez arropak, ez oinetakoak, hondatu.
5 Ez duzue ogi beharrik izan jateko, ezta ardo edo pattar beharrik ere edateko. Jauna arduratu da zuetaz, bera dela Jauna zeuen Jainkoa aitor zenezaten.
6 «Gero, hona iritsi zarete. Hexbongo errege Sihon eta Baxango errege Og gure aurka borrokatzera irten zaizkigu bidera eta garaitu egin ditugu;
7 haien lurraldeak hartu eta Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman dizkiegu ondaretzat.