13 Ez du ituna zuekin bakarrik egiten, eta konpromisoa ez dagokizue zuei soilik;
14 gaur hemen, Jaunaren geure Jainkoaren aurrean gaudenontzat ez ezik, gaur gurekin hemen ez direnentzat ere balio du.
15 «Gogoan duzue Egipton bizi izan garela eta bidean aurkitu ditugun herrien artetik igaro garela.
16 Ikusi ahal izan dituzue haiek gurtzen dituzten idolo higuingarriak, zurezko, harrizko, zilarrezko eta urrezko irudiak.
17 Ez dadila zuen artean inor izan, gizon nahiz emakume, senitarte nahiz leinu, Jaunari zeuen Jainkoari bizkarra emango dionik, herri horien jainkoei kultu emateko; ez dadila zuen artean horrelako fruitu garratz eta pozoitsurik emango duen landarerik hazi.
18 Itun honen xedapenak entzutean, ez dezala zuetako inork, bere buruaz pozik, hau pentsa: “Neure jarrera setatsu eta guzti, zorionak ez dit huts egingo, lursail ureztatuak ez baitu egarririk”.
19 Ez, Jauna ez dago prest horrelakoari barkatzeko. Desleialkeria jasan ezin duen Jaunaren haserrea piztu egingo da gizaki haren aurka, eta liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak gainera etorriko zaizkio; Jaunak haren oroitzapena bera ere ezabatu egingo du mundutik.