17 Ez dadila zuen artean inor izan, gizon nahiz emakume, senitarte nahiz leinu, Jaunari zeuen Jainkoari bizkarra emango dionik, herri horien jainkoei kultu emateko; ez dadila zuen artean horrelako fruitu garratz eta pozoitsurik emango duen landarerik hazi.
18 Itun honen xedapenak entzutean, ez dezala zuetako inork, bere buruaz pozik, hau pentsa: “Neure jarrera setatsu eta guzti, zorionak ez dit huts egingo, lursail ureztatuak ez baitu egarririk”.
19 Ez, Jauna ez dago prest horrelakoari barkatzeko. Desleialkeria jasan ezin duen Jaunaren haserrea piztu egingo da gizaki haren aurka, eta liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak gainera etorriko zaizkio; Jaunak haren oroitzapena bera ere ezabatu egingo du mundutik.
20 Jaunak apartatu egingo du Israelgo leinu guztietatik, bere zoritxarrerako, legearen liburu honetan idatzitako madarikazioen arabera.
21 «Geroko gizaldiek —zuen atzetik etorriko diren ondorengoek nahiz urrutiko herrialdeetatik etorriko diren atzerritarrek— herri honek jasandako ezbeharrak eta Jaunak eragindako gaitzak ikusi eta esango dute:
22 “Lurralde guztia sufreak eta gatzak erreta dago; ez daiteke hor ez erein, ez landarerik erne eta hazi. A zer hondamendia, Jaunak bere haserre-suminean erraustu zituen Sodoma eta Gomorra, Adma eta Tzeboim hiriena bezalako hondamendia!”
23 Eta herri guztiek galdetuko dute: “Zergatik tratatu ote du horrela Jaunak herrialde hori? Zer dela-eta piztu zaio haserre izugarri hori?”