14 Manasesen seme Jairrek Argob eskualdea eskuratu zuen gexurtar eta maakatarren mugetaraino, eta bere izena eman zion Baxango alderdi horri, “Jairren Herrixkak” alegia, eta horrelaxe deitzen da gaurdaino.
15 Makirri Galaad eskualdea eman nion.
16 Ruben eta Gaden leinuei Galaad eskualdearen gainerakoa eman nien, Arnon errekatik —errekaren erdian zegoen muga— amondarren lur-muga zen Jabok errekaraino;
17 gainera, Jordan ibaia muga duen Araba harana eman nien, Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Pisga mendiaren magaleraino, ekialdean.
18 «Une hartan, agindu hau eman nizuen: Jaunak zeuen Jainkoak eman dizue lurralde hau jabetzan. Borrokarako gai zareten guztiok armaturik igaroko duzue Jordan ibaia zeuen herritarren aurretik.
19 Emakume, haur eta abereak bakarrik —ongi dakit abere ugari duzuela— geldituko dira eman dizkizuedan hirietan,
20 harik eta Jaunak zuen Jainkoak herritar guztiei zuei bezala atsedena eman arte eta Jordanez beste aldean emango dien lurraldeaz jabe daitezen arte. Ondoren, jabetzan eman dizuedan lurraldera itzuliko zarete.