11 Israel osoa Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan aurkeztean, lege hau irakurriko diozue herri osoari ozenki.
12 Bildu herri osoa —gizon-emakumeak, haurrak eta zuen hirietan bizi diren etorkinak— denek entzun dezaten, Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten ikasi eta lege honen xedapen guztiak betetzen saia daitezen.
13 Horrela, legeaz ezer ez dakiten zuen seme-alabek ere entzungo dute eta ikasiko Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten, Jordanez beste aldean jabetzan hartuko duzuen lurraldean biziko zareten denbora guztian».
14 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hurbil duzu heriotza-eguna. Egiozu dei Josueri, eta aurkez zaitezte biok elkarketa-etxolan, Josueri neure aginduak eman diezazkiodan». Hala, Moises eta Josue elkarketa-etxolan aurkeztera joan ziren.
15 Han, Jauna agertu zitzaien laino-adarrean; hau etxola-sarreran zegoen.
16 Jaunak esan zion Moisesi: «Begira, laster hilko zara, eta herria, sartzera doan lurraldeko jainko arrotzei jarraituz, nirekiko desleial izango da; utzi egingo nau eta zurekin eginiko ituna hautsiko.
17 Orduan, nire haserrea piztuko da israeldarren kontra eta bertan behera utziko ditut; ezkutatu egingo diet aurpegia eta irentsi egingo dituzte. Jasan beharko dituzten zoritxar eta atsekabe izugarriek jotzean, ohartuko dira, ni, Jaun hau, beraiekin ez nengoelako gertatu zitzaizkiela zoritxar guztiak.