16 Jaunak esan zion Moisesi: «Begira, laster hilko zara, eta herria, sartzera doan lurraldeko jainko arrotzei jarraituz, nirekiko desleial izango da; utzi egingo nau eta zurekin eginiko ituna hautsiko.
17 Orduan, nire haserrea piztuko da israeldarren kontra eta bertan behera utziko ditut; ezkutatu egingo diet aurpegia eta irentsi egingo dituzte. Jasan beharko dituzten zoritxar eta atsekabe izugarriek jotzean, ohartuko dira, ni, Jaun hau, beraiekin ez nengoelako gertatu zitzaizkiela zoritxar guztiak.
18 Baina orduan eta gehiago ezkutatuko diet aurpegia, jainko arrotzengana bihurtuz egingo duten gaiztakeriagatik.
19 «Idatzi orain esango dizudan kantika; irakatsi israeldarrei eta errepika dezatela, kantika hori lekuko izango baitut beraien kontra.
20 Izan ere, arbasoei zin eginez agindu nien lurraldera —esnea eta eztia darizkion lurraldera— eramango ditudanean, asetzeraino jango dute israeldarrek, gizendu eta jainko arrotzengana bihurtuko dira, kultu emateko; mespretxatu egingo naute eta nire ituna hautsiko.
21 Eta zoritxar eta atsekabe izugarri horiek gertatzean, kantika hau lekuko izango dute beren kontra, ondorengoek ere gogoan eta ahoan izango baitute. Izan ere, ondotxo dakit zer asmo darabiltzan gogoan herri honek, zin eginez agindutako lurraldera eraman baino lehenagotik ere».
22 Egun hartan, beraz, Jaunak esaniko kantika idatzi eta israeldarrei irakatsi zien Moisesek.