7 Ondoren, Moisesek Josueri dei egin eta israeldar guztien aurrean esan zion: «Izan bihotz eta adore! Zeuk sarraraziko duzu herria arbasoei zin eginez Jaunak agindutako lurraldean eta zeuk banatuko lurraldea ondaretzat.
8 Jauna bera joango zaizu aurretik eta zeurekin izango duzu; ez zaitu inola ere utziko. Ez izan beldur! Ez kikildu!»
9 Moisesek lege hau idatziz jarri eta Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarren eta Israelgo herri-arduradun guztien esku utzi zuen.
10 Eta agindu hau eman zien: «Zazpi urtez behin, zorren barkamen-urtean, Etxola Jaietan,
11 Israel osoa Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan aurkeztean, lege hau irakurriko diozue herri osoari ozenki.
12 Bildu herri osoa —gizon-emakumeak, haurrak eta zuen hirietan bizi diren etorkinak— denek entzun dezaten, Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten ikasi eta lege honen xedapen guztiak betetzen saia daitezen.
13 Horrela, legeaz ezer ez dakiten zuen seme-alabek ere entzungo dute eta ikasiko Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten, Jordanez beste aldean jabetzan hartuko duzuen lurraldean biziko zareten denbora guztian».