23 Ez gero ahaztu zuen Jainko Jaunak zuekin burutu duen ituna, ez egin ere edozein izakiren irudiko idolorik, Jaunak zeuen Jainkoak galarazi baitizue;
24 izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko jeloskorra da, su kiskalgarria.
25 «Belaunaldiak pasatuko dira eta herri zaharra izango zarete lurraldean. Orduan, galbideratu eta edozein izakiren irudiko idolorik egiten baduzue, Jaunari zeuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona eginez eta haserraraziz,
26 gaur zeru-lurrak jartzen ditut lekuko zuen aurka: Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean berehala galduko zarete. Ez duzue luzaroan iraungo bertan, erabat suntsituko baitzaituztete.
27 «Jaunak beste herrietan barreiatuko zaituzte; zuetariko gutxi batzuk besterik ez dira bizirik geldituko Jaunak eramango zaituzten nazioetan.
28 Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.
29 Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.