26 gaur zeru-lurrak jartzen ditut lekuko zuen aurka: Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean berehala galduko zarete. Ez duzue luzaroan iraungo bertan, erabat suntsituko baitzaituztete.
27 «Jaunak beste herrietan barreiatuko zaituzte; zuetariko gutxi batzuk besterik ez dira bizirik geldituko Jaunak eramango zaituzten nazioetan.
28 Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.
29 Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.
30 «Denboraren joanean, mehatxu hauek gauzatu eta atsekabealdian aurkitzean, Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta haren esanera jarriko;
31 Jauna, zuen Jainkoa, Jainko bihozbera baita, ez zaituzte utziko, ez suntsituko, ezta ahaztuko ere zuen arbasoei zin eginez hitzemandako itunaz.
32 «Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den.