7 Izan ere, ez da munduan naziorik, handia bada ere, bere jainkoak guk bezain hurbil dituenik, guk Jauna geure Jainkoa, dei egiten diogun bakoitzean, dugun bezain hurbil, alegia;
8 ezta gaur adierazten dizuedan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ere.
9 «Baina kontuz! Ez gero ahaztu ikusi dituzuen gertakariak, ez kendu gogotik zeuen bizitza osoan. Eman jakitera zeuen seme-alaba eta bilobei ere.
10 Izan gogoan bereziki Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean Horeb mendian egon zineteneko eguna. Jaunak agindua zidan: Bildu herria nire aurrean. Neure hitzak entzunaraziko dizkiet, beti nireganako begirunean bizitzen ikas dezaten, eta irakaspen bera seme-alabei eman diezaieten.
11 «Zuek mendi barrenera hurbildu zineten eta han gelditu; mendia sutan zegoen, zerurainoko sugarretan, laino itxi eta ilun-beltzez inguratua.
12 Jauna suaren erditik mintzatu zitzaizuen: haren hitzak entzun zenituzten, baina ez zenuten irudirik ikusi; ahotsa entzun zenuten bakarrik.
13 Jaunak ituna iragarri zizuen, bete behar zenituzten hamar aginduak, eta bi harlauzatan idatzi zituen.