6 Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete: berak hautatu zaituzte munduko herri guztien artean bere herri, bere jabego berezi, izateko.
7 «Jaunak atsegin izan eta hautatu bazaituzte, ez da, ez, herririk handiena zaretelako —txikiena zarete eta, izan ere—,
8 baizik eta maite zaituztelako eta zuen arbasoei eginiko zin-hitza bete nahi izan duelako; horregatik, hain zuzen, atera zaituzte ahalmen handiz esklabotzatik eta Egiptoko faraoiaren menpetik askatu.
9 «Aitor ezazue, beraz, Jauna zeuen Jainkoa dela egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dutenei eta beraren aginduak betetzen dituztenei itun-hitza gorde eta onginahia mila belaunaldiz agertzen diena;
10 gorroto diona, berriz, zuzen-zuzenean ordaina eman eta suntsitu egiten du, luzatu gabe ematen dio ordaina.
11 Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak.
12 «Erabaki horiek onartu eta arretaz betetzen badituzue, Jaunak zeuen Jainkoak gordeko dizue zuen arbasoei zin eginez hitzemandako ituna, eta agertuko bere onginahia.