1 «Entzun, israeldarrok! Jordan ibaia igaroko duzue gaur, zuek baino herri handi eta ahaltsuagoen lurraldeaz jabetzeko; hiri handiak, zerurainoko harresiz inguratuak ditu lurralde horrek;
2 Anak erraldoiaren ondorengoak bizi dira bertan, altuera handiko jendea. Ezaguna duzue horiei buruzko esaera: “Nork egin aurre Anaken ondorengoei?”
3 Gaur jakingo duzue Jauna zeuen Jainkoa aurretik igaroko zaizuela Jordan zeharkatzean, su kiskalgarria bezala: berak suntsitu eta makurraraziko ditu herri horiek zuen aurrean, eta zuek beren lurraldetik bota eta deuseztatu egingo dituzue berehala, Jaunak hitzeman bezala.
4 «Zuen Jainko Jaunak zuen aurretik haiek jaurtitzean, ez esan zeuen baitan: “Geure zuzentasunagatik ekarri gaitu Jaunak lurralde honetaz jabetzera”. Izan ere, herri horiek kanpora botatzen baditu, beren gaiztakeriagatik botatzen ditu.