Deuteronomioa 12 EAB

Jaunaren legeak (12,1—26,19)

1 «Hauek dira Jaunak zuen arbasoen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean arretaz bete behar dituzuen lege eta erabakiak. Bertan biziko zareten denbora guztirako balioko dute.

Israeldarrek kultu-leku bakarra izango

2 «Erabat desegingo dituzue beren lurraldetik botako dituzuen herrien kultu-lekuak. Herri horiek mendi-gailur eta muino-tontorretan eta edozein zuhaitz handiren azpian eman ohi diete kultu beren jainkoei.

3 Bota egingo dituzue aldareak, zutarri sakratuak apurtu, zutoinak erre, jainko-irudiak desegin; jainko horien oroitzapena bera ere desagerrarazi egingo duzue leku hartatik.

4 Ez duzue jokatuko herri horiek bezala, Jaunari zeuen Jainkoari kultu ematean;

5 aitzitik, Jaunak zuen Jainkoak, bera bizitzeko eta berari kultu emateko zuen leinuetatik aukeratuko duen lekura joango zarete kultu ematera.

6 Han eskainiko dituzue erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta zeuen emaitzak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta abere handi eta txikien lehen-kumeak.

7 Han otordua egingo duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, eta festa ospatuko zeuen etxekoekin, eginkizun guztiak ongi burutzea emango dizuen Jaunari eskerrak emateko.

8 «Ez jokatu han orain hemen bezala, norberari iruditzen zaion moduan,

9 ez baitzarete iritsi oraindik atseden-lekura, Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldera.

10 Jordan ibaia igaro eta Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean bizitzen jarri bezain laster, libratu egingo zaituzte Jaunak inguruko etsaiengandik, eta bakean eta seguru biziko zarete.

11 Orduan, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue agintzen dizkizuedan eskaintzak: erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta emaitzak, eta botoz aginduriko zeuen opari hoberenak.

12 Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere, berak ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.

13 «Kontuz, beraz! Ez eskaini erre-oparirik herrialde hartan aurkituko dituzuen kultu-lekuetan.

14 Zuen leinuetako batean Jaunak berak aukeratuko duen lekuan bakarrik eskainiko dituzue zeuen erre-opariak, eta han beteko nik agindutako guztia.

15 «Alabaina, nahi izanez gero, biziko zareten edozein hiritan hil ditzakezue abereak jateko, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen ondasunen arabera; denok jan ahal izango dituzue, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.

16 Baina ez duzue odola jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.

17 «Ezin izango duzue, ordea, jan biziko zareten hirietan Jaunari eskaini beharrekoa: gari, ardo eta olioaren hamarrenak, abere handi eta txikien lehen-kumeak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta gainerako emaitzak.

18 Horiek Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan jango dituzue, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere. Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, zeuen lanaren emaitzengatik eskerrak emanez.

19 Ez gero bertan behera utzi lebitarra, herrialdean biziko zareten denbora guztian.

20 «Jaunak zeuen Jainkoak lurraldeko mugak hedatuko dizkizue, berak hitzeman bezala; orduan, jan gura izanez gero, nahi adina haragi jan ahal izango duzue.

21 Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokia bizi zareten hiritik urruti badago, berak emandako abere handi nahiz txikietatik hil dezakezue haragitarako, nik zuei agindutakoaren arabera, eta nahi adina jan.

22 Ehiza —gazela nahiz oreina— bezala jango duzue, eta denok jan ahal izango duzue, legez kutsatuak garbi dagoenak bezalaxe.

23 Baina odola ez duzue inola ere jango, bizi-iturri baita; beraz, haragiarekin ez duzue odolik jango,

24 baizik eta lurrera isuriko duzue, ura bezala.

25 Ez jan, bada, eta zoriontsu izango zarete, bai zeuek, bai ondorengoak, Jaunari ongi iruditzen zaiona egiteagatik.

26 «Jaunarentzat zuen Jainkoarentzat sagaratu beharrekoa eta botoz aginduriko opariak, aldiz, berak aukeratuko duen lekura eramango dituzue.

27 Erre-oparitarako abereak ere hara eramango dituzue eta, haragi eta odol, oso-osorik erreko Jaunaren zeuen Jainkoaren aldarean. Beste sakrifizioetako odola Jaunaren zeuen Jainkoaren aldare gainean isuriko duzue; haragia, berriz, jan egingo.

28 «Onartu eta bete ematen dizkizuedan agindu guztiok, beti zoriontsu izan zaitezten, bai zeuek, bai ondorengoak, Jaunari zeuen Jainkoari on eta zuzen iruditzen zaiona egiteagatik.

Kanaandar kultuen aurkako oharpena

29 «Jaunak zuen Jainkoak garbitu egingo ditu kanaandar herriak, eta zuek bota egingo dituzue beren lurraldetik. Herri horien lurraldeaz jabetu eta bertan bizitzen jar zaiteztenean,

30 izan kontu: herri horiek suntsitu ondoren, ez erori idoloen tranpan, haien jokabideari jarraituz; ez jo haien jainkoengana, ez ibili herri haiek beren jainkoak nola zerbitzatu dituzten jakin nahian, zeuek ere gauza bera egiteko.

31 Ez jokatu Jaunarekin zeuen Jainkoarekin, herri haiek bezala; izan ere, Jaunarentzat higuingarri eta gorrotagarri dena egin dute beren jainkoen ohorez, beren seme-alabak jainkoentzat erretzeraino iritsiz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34