Deuteronomioa 29 EAB

Jainkoak israeldarren alde eginak gogoratu

1 Moisesek israeldar guztiei dei egin eta esan zien: «Ikusi duzue Jaunak faraoiari, beraren funtzionario eta herrialde osoari Egipton zeuen begi aurrean egina:

2 ezaugarri handiak, mirari eta egintza ikaragarriak.

3 Hala ere, Jaunak adimena itsutu egin dizue gaurdaino eta ez zarete gauza izan ikusten eta entzuten zenutena ulertzeko.

4 «Berrogei urtez ibilarazi zaituzte Jaunak basamortuan, eta ez zaizkizue ez arropak, ez oinetakoak, hondatu.

5 Ez duzue ogi beharrik izan jateko, ezta ardo edo pattar beharrik ere edateko. Jauna arduratu da zuetaz, bera dela Jauna zeuen Jainkoa aitor zenezaten.

6 «Gero, hona iritsi zarete. Hexbongo errege Sihon eta Baxango errege Og gure aurka borrokatzera irten zaizkigu bidera eta garaitu egin ditugu;

7 haien lurraldeak hartu eta Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman dizkiegu ondaretzat.

8 «Bete arretaz itun honen xedapenak, zeuen eginkizun guztietan arrakasta izan dezazuen.

Itunaren lotura zorrotza

9 «Denok zaudete gaur hemen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean: leinuburuak, herri-arduradun eta funtzionarioak, gizonezkoak,

10 haur eta emakumeak, baita kanpalekuan egurgile eta ur-ekarle diren etorkinak ere.

11 Jaunak zuen Jainkoak gaur zuekin egiten duen ituna onartzeko eta ezartzen dizuen konpromisoaz zeuen buruak lotzeko zaudete hemen.

12 Itunaren bidez, bere herri egiten zaituzte Jainkoak eta bera zuen Jainko izango da, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzeman zien bezala.

13 Ez du ituna zuekin bakarrik egiten, eta konpromisoa ez dagokizue zuei soilik;

14 gaur hemen, Jaunaren geure Jainkoaren aurrean gaudenontzat ez ezik, gaur gurekin hemen ez direnentzat ere balio du.

15 «Gogoan duzue Egipton bizi izan garela eta bidean aurkitu ditugun herrien artetik igaro garela.

16 Ikusi ahal izan dituzue haiek gurtzen dituzten idolo higuingarriak, zurezko, harrizko, zilarrezko eta urrezko irudiak.

17 Ez dadila zuen artean inor izan, gizon nahiz emakume, senitarte nahiz leinu, Jaunari zeuen Jainkoari bizkarra emango dionik, herri horien jainkoei kultu emateko; ez dadila zuen artean horrelako fruitu garratz eta pozoitsurik emango duen landarerik hazi.

18 Itun honen xedapenak entzutean, ez dezala zuetako inork, bere buruaz pozik, hau pentsa: “Neure jarrera setatsu eta guzti, zorionak ez dit huts egingo, lursail ureztatuak ez baitu egarririk”.

19 Ez, Jauna ez dago prest horrelakoari barkatzeko. Desleialkeria jasan ezin duen Jaunaren haserrea piztu egingo da gizaki haren aurka, eta liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak gainera etorriko zaizkio; Jaunak haren oroitzapena bera ere ezabatu egingo du mundutik.

20 Jaunak apartatu egingo du Israelgo leinu guztietatik, bere zoritxarrerako, legearen liburu honetan idatzitako madarikazioen arabera.

Erbestealdia etorkizunean

21 «Geroko gizaldiek —zuen atzetik etorriko diren ondorengoek nahiz urrutiko herrialdeetatik etorriko diren atzerritarrek— herri honek jasandako ezbeharrak eta Jaunak eragindako gaitzak ikusi eta esango dute:

22 “Lurralde guztia sufreak eta gatzak erreta dago; ez daiteke hor ez erein, ez landarerik erne eta hazi. A zer hondamendia, Jaunak bere haserre-suminean erraustu zituen Sodoma eta Gomorra, Adma eta Tzeboim hiriena bezalako hondamendia!”

23 Eta herri guztiek galdetuko dute: “Zergatik tratatu ote du horrela Jaunak herrialde hori? Zer dela-eta piztu zaio haserre izugarri hori?”

24 Eta erantzungo diete: “Zergatik? Jaunak berorien arbasoen Jainkoak Egiptotik atera zituenean beroriekin egindako ituna baztertu

25 eta ezagutzen ez zituzten eta berorienak ez ziren jainko arrotzak gurtzen eta beraien aurrean ahuspezten hasi zirelako;

26 horregatik piztu zen Jaunaren haserrea herrialde horren kontra, horregatik bidali zizkion liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak.

27 Jaunak, haserre-suminez eta amorru biziz, beren lurraldetik atera eta gaur egun daudeneko atzerrira bota zituen”.

28 «Gauza ezkutuak Jaunak gure Jainkoak bakarrik ezagutzen ditu; hark agertutakoak, ostera, guretzat eta gure ondorengoentzat dira, lege honetan esaten den guztia bete dezagun.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34