Deuteronomioa 34 EAB

Moisesen heriotza

1 Moises, Moabeko lautadatik Jeriko parean dagoen Nebo mendira, Pisga gailurrera, igo zen. Handik, lurralde osoa erakutsi zion Jaunak: Galaadetik Danerainoko lurraldea,

2 Neftali, Efraim eta Manasesena, Judaren lurralde guztia Mediterraneo itsasoraino,

3 Negev eta Jerikoko —Palmondo hiriko— haran-ingurua, Tzoar hiriraino.

4 Eta esan zion Jaunak: «Hori da Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindu nien lurraldea. Esan nien: “Zuen ondorengoei emango diet”. Zeure begiz ikusten utzi dizut, baina ez zara bertan sartuko».

5 Han hil zen Moises, Jaunaren zerbitzaria, Moab lurraldean, Jaunak esanaren arabera.

6 Haranean ehortzi zuten, Moaben, Bet-Peor-en aurrez aurre, eta inork ez du izan haren hilobiaren berririk gaurdaino.

7 Ehun eta hogei urte zituen Moisesek hil zenean; ez zitzaion ikusmena ahuldu, ez zioten indarrek huts egin.

8 Israeldarrek hogeita hamar egunez egin zuten negar Moisesengatik Moabeko lautadan, dolualdia bete zuten arte.

9 Nunen seme Josue zuhurtziaz jantzia zegoen, eskuak ezarri baitzizkion Moisesek buruan. Israeldarrek obeditu egin zioten eta Jaunak Moisesi agindu bezala jokatu zuten.

10 Ordudanik, ez da Israelen sortu Moises bezalako profetarik, Jaunarekin hain harreman estuak izan zituen Moises bezalakorik;

11 inor ez honen parekorik mirariak eta egintza harrigarriak egiten: Jaunak bidalita, faraoiaren, beronen funtzionario eta herrialde osoaren aurka Egipton Moisesek egindako mirari eta egintza harrigarriak bezalakoak egiten;

12 ezta inor Moisesek Israel herri osoaren aurrean bezain esku indartsuz eta era handi eta beldurgarrian jokatu zuenik ere.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34