Josue

Kapituluak 1

Elizen Arteko Biblia

ISRAEL HERRIA AGINDUTAKO LURRALDEAZ JABETU (1,1—13,7)

Jainkoak beste buruzagi bat hautatu: Josue

1Moises, Jaunaren zerbitzaria, hil zenean, Jaunak esan zion Moisesen laguntzaile zen Josueri, Nunen semeari: 2«Hil da Moises, ene zerbitzaria. Orain, abia zaitez, igaro Jordan ibaia Israel herri osoarekin, ematen diodan lurralderantz joateko. 3Zuen oinek zapalduko duten lurralde guztia emango dizuet, Moisesi hitzeman bezala. 4Zuen lurraldea hegoaldeko basamortutik iparraldean dagoen Libanoraino eta ekialdeko ibai handitik, Eufratesetik, hititen lurraldean zehar, mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino hedatuko da. 5«Ezin izango dizu inork ere aurre egin bizi zaren artean, zurekin izango bainaiz, Moisesekin izan nintzen bezala; ez dizut huts egingo, ez zaitut utziko. 6Izan bihotz eta adore, zuk eskuratuko baitiozu herriari, zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldea. 7Izan, bada, bihotz, izan adore handia! Saia zaitez Moisesi, ene zerbitzariari, eman nion legea betetzen, hartatik ezertan ere saihestu gabe; horrela, ongi burutuko dituzu egintza guztiak. 8Ez utzi lege-liburua irakurtzeari, hausnar ezazu gau eta egun, eta saiatu bertan idatzia betetzen; horrela, ongi aterako zaizkizu ekinbide guztiak. 9«Kementsu eta adoretsu izateko esan dizut. Ez ikaratu, ez kikildu, ni, Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango bainaiz zure ibilera guztietan».

Josue Jordan igarotzeko prestatu

10Orduan, agindu hau eman zien Josuek herriko funtzionarioei: 11«Joan kanpalekuan barna eta esan herriari: “Prestatu biderakoak, zeren eta hiru egunen buruan Jordan ibaia igaroko baituzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, jabetzan ematen dizuen herrialdeaz jabetzera joateko”». 12Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei esan zien Josuek: 13—Gogora ezazue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuena: «Jaunak, zeuen Jainkoak, atseden harrarazi dizue lurralde hau zuei emanez. 14Zuen emazte, haur eta abereak Jordanez ekialdera, Moisesek eman dizuen lurraldean, geldituko dira. Zuek, ordea, eta zuen gerlariek, guda-lerrotan jarririk, gainerako herritarren aurretik igaroko duzue ibaia eta lagundu egingo diezue, 15harik eta Jaunak, zuen Jainkoak, herritar guztiei, zuei bezala, atsedena harrarazi arte eta eman dien lurraldeaz haiek ere jabetu arte. Ondoren, hartuko duzue jabetzan Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanez honaindira, ekialdera, eman zizuen lurraldea». 16Haiek erantzun zioten Josueri:—Zuk agindutako guztia eginen dugu, eta nora gidatzen gaituzun hara joango gara. 17Moisesi obeditu genion bezala obedituko dizugu zuri ere. Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango da, Moisesekin izan zen bezala. 18Norbait kontra jartzen bazaizu eta eman dizkiguzun aginduak betetzen ez baditu, hil egingo dugu. Zuk izan bihotz eta adore!