1 Lurralde osoa menderatua zutelarik, israeldarren elkarte osoa Xilon bildu zen eta elkarketa-etxola jaso zuten bertan.
2 Artean, israeldar zazpi leinu gelditzen ziren beren ondare-zatia hartzeko.
3 Josuek esan zien israeldarrei: «Zeren zain zaudete Jaunak, zeuen arbasoen Jainkoak, eman dizuen lurraldeaz jabetzera joateko?
4 Aukeratu leinu bakoitzeko hiru gizon eta lurraldea inguratzera bidaliko ditut, ondare-banaketarako lurraldearen planoa egin dezaten. Ondoren, niregana itzuliko dira.
5 Zazpi zatitan banatuko dute lurraldea, Judaren leinuak bere lurraldean, hegoaldean, jarraituko duelarik, eta Joseren ondorengoek berenean, iparraldean.
6 Egin lurraldearen planoa, zazpi zatitan banatuz, eta ekarri niri. Nik hemen, Jaunaren, gure Jainkoaren, aurrean, zotz egingo dut.
7 Lebitarrek ez dute lurralde-zatirik izango besteok bezala, beraien ondarea Jaunaren apaiz izatea baita. Gaden eta Rubenen leinuek eta Manasesen leinu erdiak, berriz, hartua dute beren ondarea Jordanez beste aldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik».
8 Lurraldearen planoa egin behar zuten gizonei, abiatzerakoan, Josuek agindu hau eman zien: «Zoazte, ibili lurraldean barna eta egizue bertako planoa. Gero, itzuli niregana eta nik hemen, Xilon, Jaunaren aurrean, zotz egingo dut».
9 Joan ziren, bada, gizon haiek, lurraldea zeharkatu eta marraztu zuten planoa, hirien arabera lurraldea zazpi zatitan banatuz. Gero, Josuerengana itzuli ziren, Xiloko kanpalekura.
10 Josuek zotz egin zuen Xilon, Jaunaren aurrean, eta lurraldea banatu zien israeldarrei, prestaturiko zati-banaketaren arabera.
11 Zotz egin eta Benjaminen leinuari egokitu zitzaion lehenengo. Benjamindar senitarteei ateratako ondare-zatia Judaren leinuarenaren eta Joseren ondorengoenaren artean zegoen.
12 Haren muga, iparraldetik, Jordanen hasten zen, Jerikoren iparraldeko saihetsetik igo eta, mendialdetik mendebalderantz jarraituz, Bet-Aben basamortura heltzen zen.
13 Handik Luz hirira jotzen zuen, Luzen —hau da, Betelen— hegoaldetik igaroz, eta gero Bet-Horon Azpikoaren hegoaldean dagoen mendian barrena, Atrot-Adarrera jaisten zen.
14 Mendebaldetik, mugak norabidea aldatu eta Bet-Horonen aurrean dagoen menditik hegoalderantz hartzen zuen, Kiriat-Baal edo Kiriat-Jearim hiriraino helduz. Hiri hau Judaren leinukoa zen. Hau zen Benjaminen leinuaren mendebaldeko muga.
15 Hegoaldean mugak, Kiriat-Jearimen hasi eta Iim aldera jotzen zuen, Neftoah errekastoaren iturbururaino helduz.
16 Gero, Ben-Hinom haranaren aurreko mendiaren ertzeraino jaisten zen, refatarren lautadaren iparraldera, eta, Ben-Hinom haranean behera, jebustarren hiria zegoeneko mendi-hegiaren hegoaldetik igaroz, En-Rogeleraino heltzen zen.
17 Handik iparralderantz bihurtzen zen, En-Xemex eta Adumimerako aldapa parean dagoen Gelitotera heltzeko. Gero, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzera jaisten zen.
18 Handik, Araba haranera begira, iparraldera dagoen maldan behera, Araba haranera jaisten zen,
19 eta, Bet-Hoglaren iparraldeko malda igaroz, Itsaso Hilera heltzen zen, Jordan ibaia itsasoratzen den lekuan. Hau zen Benjaminen leinuaren hegoaldeko muga.
20 Ekialdeko muga Jordan ibaia zen.Horra, bada, Benjaminen leinukoei senitarteka banaturiko ondarearen mugak.
21 Benjaminen leinuko senitarteek honako hiri hauek zituzten: Jeriko, Bet-Hogla, Emek-Ketzitz,
22 Bet-Araba, Tzemaraim, Betel,
23 Abim, Para, Ofra,
24 Kefar-Amona, Ofni eta Geba: hamabi hiri eta beraien herrixkak.
25 Gabaon, Rama, Beerot,
26 Mitzpe, Kefira, Motza,
27 Rekem, Irpeel, Tarala,
28 Tzela, Elef, jebustarren hiria —hau da, Jerusalem—, Gibea eta Kiriat-Jearim: hamalau hiri eta beraien herrixkak.Hori izan zen benjamindarren ondarea, senitarteka banatua.