Josue
Kapituluak 16
Elizen Arteko Biblia
Joseren ondorengoen lurraldea
1Joseren ondorengoei egokitutako lurralde-zatia Jordanen hasten zen, Jeriko parean, Jerikoko iturriaren ekialdean, eta handik Betelgo mendira igotzen zen basamortuan zehar.
2Beteldik Luz hiriraino luzatzen zen, arkitarren mugetatik igaro, Atarot hirian,
3eta hemendik mendebaldera, jafletiarren mugaz muga, Bet-Horon Azpikoraino eta Gezerreraino jaisten, Mediterraneo itsasoan bukatzeko.
4Hori izan zen Joseren seme Manases eta Efraimen leinuek hartu zuten ondarea.
Efraimen leinuaren lurraldea
5Hona hemen, Efraimen leinuko senitarteek harturiko lurraldearen mugak: Ekialdetik, Atrot-Adarretik Bet-Horon Goikoraino zihoan muga,
6eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen. Iparraldeko muga-ertza Mikmetat zen. Handik ekialdera itzultzen zen, Taanat-Silora, eta, Janoharen ekialdetik igaro ondoren,
7Atarot eta Naarata hirietaraino jaisten zen eta, Jeriko ukituz, Jordanen bukatzen.
8Tapuahen hasirik, Kana errekan zehar zihoan mendebalderantz, Mediterraneo itsasoan bukatzeko.Hori izan zen Efraimen leinukoen ondarea, senitarteka banatua.
9Horrez gainera, Manasesen ondare barruan zenbait hiri eta beraien herrixkak ere izendatu zizkieten efraimdarrei.
10Efraimdarrek ez zituzten bota Gezerren bizi ziren kanaandarrak. Horregatik, kanaandarrak haien artean bizi dira oraino, baina esklabo-lanetara beharturik.