Josue 23 EAB

Josueren azken hitzak

1 Urte asko zen, Jaunak inguruko etsaiengandik libraturik, Israel bakean bizi zela. Josue zahartua zegoen, adinean aurreratua.

2 Orduan, Josuek Israel herri osoa, arduradunak, buruzagiak, epaileak eta funtzionarioak bildu eta esan zien: «Zahartua nago eta adinean aurreratua.

3 Zeuek ikusi duzue nola jokatu duen Jaunak, zeuen Jainkoak, herri horiekin, zuei tokia egiteko. Izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, borrokatu da zuen alde.

4 Zotz egin eta ondaretzat banatu dizkizuet, suntsitu nituen herrien lurraldeak ez ezik, baita oraindik gelditzen direnenak ere, ekialdean dagoen Jordan ibaitik mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino.

5 Jaunak, zuen Jainkoak, berak egotzi eta desjabetuko ditu, zuek beraien lurraldeen jabe egin zaitezten, Jaunak, zeuen Jainkoak, hitzeman dizuen bezala.

6 Izan bihotz eta bete arretaz Moisesen legearen liburuan idatzia dagoen guztia, ezertan ere saihestu gabe.

7 Ez nahasi zuen inguruan gelditzen diren arrotzekin, ez aipatu ere egin horien jainkoen izenak, ez egin zinik beraien izenean, ez gurtu eta ez ahuspeztu beraien aurrean.

8 Aitzitik, iraun ezazue Jaunari, zeuen Jainkoari, atxikirik, orain arte bezala.

9 Nazio handi eta indartsuak bota ditu Jaunak zuen aurretik; orain arte, batek ere ezin izan dizue aurre egin.

10 Zuetako bat bakarrak mila etsairi ihes eragin ahal izan dio, Jauna, zuen Jainkoa, zuen alde borrokatu delako, berak esan bezala.

11 Zeuen onerako, saia zaitezte Jauna, zeuen Jainkoa, maitatzen.

12 «Baina Jaunarengandik aldendu eta zuen inguruan bizi diren arrotzekin elkartzen bazarete, beraiekin ezkonduz eta harremanak izanez,

13 egon ziur, Jaunak, zuen Jainkoak, ez duela herri horiek zuen aurretik botatzen jarraituko. Sare eta tranpa izango dituzue, saihetsean eztenkada eta begietan arantza bezain mingarri, Jaunak, zeuen Jainkoak, eman dizuen lurralde eder honetatik zuek desagerrarazi arte.

14 «Ni banoa, denak joan ohi diren bidean. Zuek aitor ezazue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz, Jaunak, zuen Jainkoak, eginiko agintzari ederretatik batek ere ez duela huts egin: dena bete zaizue; Jaunak hitzemandako ezer ere ez da hutsean galdu.

15 Bada, Jaunak, zuen Jainkoak, eginiko promes eder guztiak bete zaizkizuen bezala, halaxe beteko dizkizue bere mehatxuak ere, Jaunak, zeuen Jainkoak, emandako lurralde eder honetatik desagerrarazi arte.

16 Jaunak, zuen Jainkoak, zuekin egindako ituna hausten baduzue eta jainko arrotzak gurtzen eta beraien aurrean ahuspezten hasten bazarete, piztuko da Jaunaren haserrea zuen kontra eta berehala desagertuko zarete eman dizuen lurralde eder honetatik».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24