Josue
Kapituluak 9
Elizen Arteko Biblia
Gabaongo bizilagunen amarrukeria
1Jakin zuten horren guztiaren berri Jordanez mendebaldera —mendialdean, lautadan eta kostaldean, Libanoraino— bizi ziren erregeek, hititen, amortarren, kanaandarren, periztarren, hibiarren eta jebustarren erregeek.
2Eta denek bat egin zuten, Josue eta Israel herriaren kontra borrokatzeko.
3Gabaon hiriko bizilagun hibiarrek, ordea, Josuek Jeriko eta Ai hiriei egina jakitean,
4amarrukeriaz jokatu zuten: biderakoak hartu eta zaku zaharrak eta ardo-zahagi zahar urratu eta adabakiz josiak bota zizkieten astoei bizkarrera;
5oinetako zahar eta birjosiak jantzi zituzten oinetan eta zarpa zaharrak soinean; zeramaten ogia gogorra eta apur egina zegoen.
6Gisa horretan, Josuerengana Gilgaleko kanpalekura joan eta berari eta gainerako israeldarrei esan zieten:—Urrutitik gatoz, gurekin bake-hitzarmena egin dezazuen eskatzera.
7Israeldarrek ihardetsi zieten hibiarrei:—Nork daki inguru hauetakoak ez ote zareten? Nola egin hitzarmena zuekin?
8Haiek, ordea, esan zioten Josueri:—Zeure zerbitzari gaituzu.Josuek galdegin zien:—Zein zarete eta nondik zatozte?
9Haiek erantzun zioten:—Oso urrutitik gatoz, entzuna baitugu Jaunaren, zure Jainkoaren, izen handiaren berri. Jakin dugu Egipton egin zuena
10eta Jordanez ekialdeko bi errege amortarrei —Hexbongo errege Sihoni eta Axtaroten bizi zen Baxango errege Ogi— egin diena.
11Gure herrialdeko arduradunek eta jendeak mandatu hau eman ziguten: «Hartu biderakoak eta zoazte israeldarrengana. Esan beren zerbitzari gaituztela; egiteko, beraz, bake-hitzarmena gurekin».
12Begira gure ogiari: zuengana etortzeko etxetik atera ginenean, bero-beroa zegoen; orain, gogorra eta apur egina dago.
13Ardo-zahagi hauek berriak ziren bete genituenean, eta orain urratuak daude. Gure jantzi eta oinetakoak ere zarpaildu egin zaizkigu hain bide luzean.
14Orduan, israeldarrek onartu egin zuten gabaondarrek eskainitako janaria, egin behar zutenaz Jaunari kontsulta egin gabe.
15Josuek bake-hitzarmena egin zuen haiekin, bizia errespetatuko ziela aginduz. Elkarte-arduradunek ere zin egin zieten.
Israeldarrek amarrukeriari antzeman
16Hitzarmena egin eta handik hiru egunera, ordea, israeldarrek jende hura inguru hartan bizi zela eta auzoko zutela jakin zuten.
17Izan ere, abiatu egin ziren israeldarrak eta hirugarren egunean jende hura bizi zen hirietara heldu ziren, Gabaon, Kefira, Beerot eta Kiriat-Jearim hirietara.
18Hala ere, israeldarrek ez zituzten hil, elkarte-arduradunek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, bizia errespetatzeko zina egina baitzieten. Orduan, elkarte osoa marmarrean hasi zen arduradunen kontra.
19Hauek esan zioten elkarteari: «Zin egin genien Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, eta ezin diegu orain kalterik egin.
20Horra zer egingo dugun: Egin diegun zinarengatik, bizirik utziko ditugu, Jainkoak zigor ez gaitzan.
21Bizi daitezela! Baina egurgile eta ur-ekarle izango dira elkarte osoarentzat». Horrela, eutsi egin zioten arduradunek gabaondarrei emandako hitzari.
22Josuek gabaondarrei dei egin eta esan zien:—Zergatik engainatu gaituzue urruti bizi zinetela esanez, hemen, gure artean, bizi zaretelarik?
23Madarikatuak izan zaiteztela! Esklabo izango zarete betiko: ene Jainkoaren etxerako egurra egin eta ura ekarri beharko duzue.
24Haiek ihardetsi zioten Josueri:—Ongi genekien Jaunak, zure Jainkoak, bere zerbitzari Moisesi agindu ziona: lurralde hau osorik zuei emateko eta zuek, hona heltzean, hemengo bizilagun guztiak suntsitzeko. Erabat izutuak geunden, hilko gintuzuen beldurrez, eta horregatik jokatu dugu horrela.
25Orain zeure esku gaituzu: egiguzu on eta zuzen iruditzen zaizuna.
26Hala egin zuen Josuek. Libratu egin zituen israeldarren eskuetatik, hil ez zitzaten;
27baina elkarte osoarentzako eta Jaunaren aldarerako, Jaunak aukeratuko zuen tokian, egurgile eta ur-ekarle izatera behartu zituen. Eta eginkizun hori bera dute gaur egun ere.