Josue

Kapituluak 14

Elizen Arteko Biblia

Jordan ibaitik mendebaldera (14,1—19,51)

1Hona hemen Kanaan lurraldean israeldarrek hartu zuten ondarea. Eleazar apaiza, Nunen seme Josue eta Israelgo leinuetako senitarteburuak arduratu ziren ondare-banaketaz. 2Jaunak Moisesen bidez agindu bezala, zotz eginez izendatu zitzaien lurraldea bederatzi leinuri eta Manasesen leinu erdiari. 3-4Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat. 5Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.

Hebron hiria Kalebentzat

6Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean. 7Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri. 8Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen. 9«Moisesek zin egin zidan orduan, ikertzen ibili nintzen lurraldea nirea eta nire ondorengoena izango zela betiko ondare, Jaunarekiko, beraren Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzelako. 10Eta begira, bada berrogeita bost urte Jaunak Moisesi hura esan ziola, Israel herria basamortuan barrena zebilela. Jaunak orain arte biziarazi nau, berak hitzeman bezala, eta baditut laurogeita bost urte. 11Hala ere, Moisesek ikerketa egitera bidali ninduenean bezain indartsu nago oraindik ere; orduan adina kemen dut borrokatzeko eta edozein eginbeharretarako. 12Emadazu, bada, Jaunak egun hartan hitzemandako mendialde hori. Zeuk ere orduan jakin zenuen Anak erraldoiaren ondorengoak bizi direla bertan eta hiri handi eta gotortuak dituztela. Jauna nirekin izatea espero dut eta horiek beren lurraldetik botatzea, Jaunak hitzeman bezala». 13Josuek bedeinkatu egin zuen Jefuneren seme Kaleb eta Hebron eman zion ondare. 14Horregatik, Hebron, Jefuneren seme Kaleb keniztarraren ondorengoena da gaurdaino, hau Jaunarekiko, Israelen Jainkoarekiko, leial izan zelako. 15Antzina, Hebronen izena Kiriat-Arba zen (Anaken ondorengoetariko gizonik handiena izan zen Arba).Eta, gerrak bukaturik, herrialdea bakean gelditu zen.