Josue 13 EAB

Hartzeko gelditzen ziren lurraldeak

1 Josue zahartua, adinean aurreratua, zegoen. Eta Jaunak esan zion: «Zahartu zara eta adinean aurreratu, eta oso handia da oraindik eskuratzeko gelditzen zaizuen lurraldea.

2 Hona hemen zer gelditzen den: filistearren eta gexurtarren lurralde guztiak

3 (Egiptoko mugan dagoen Xihor errekatik iparralderainoko lurraldea, Ekron mugarainokoa, kanaandarren lurraldetzat jotzen da; hor zuten beren agintea bost hiri filistearretako —Gaza, Axdod, Axkelon, Gat eta Ekron hirietako— buruzagiek; hegoaldean, berriz, abiarrak zeuden);

4 baita kanaandarren lurralde osoa ere, sidondarren Aratik Afekeraino eta amortarren mugetaraino;

5 gainera, giblitarren lurraldea eta Libanoren ekialde osoa, Hermon mendiaren oinetan dagoen Baal-Gadetik Hamateko sarreraraino;

6 azkenik, Libanotik Misrefot-Maimerainoko mendialdea, sidondarrak bizi diren lurraldea. Israeldarrak heldu ahala, neuk botako ditut herri horiek beren lurraldeetatik. Zure eginkizuna, lurralde horiek israeldarrei ondaretzat izendatzea da, nik agindu bezala.

7 Banatu, beraz, lurralde hori ondaretzat bederatzi leinuen eta Manasesen leinu erdiaren artean».

AGINDURIKO LURRALDEAREN BANAKETA (13,8—21,45)

Jordan ibaitik ekialdera (13,8-33)

8 Ruben eta Gaden leinuetakoek eta Manasesen beste leinu erdikoek hartua zuten jadanik beren ondarea Jordanez beste aldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik:

9 Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta lautadaren erdian dagoen hiritik, Madaba lautada osoa Diboneraino

10 eta bere egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen hiri guztiak amondarren mugetaraino;

11 gainera, Galaad eta gexurtarren eta maakatarren lurraldeak, Hermon mendia eta Baxan lurraldea Salka hiriraino;

12 baita bere egoitza Axtarot eta Edrei hirietan zuen Baxango Og erregearen erreinu osoa ere. Og erregea zen antzinako refatar erraldoietatik gelditutako bakarra. Moisesek garaitu egin zituen bi erregeak eta beren lurraldeetatik bota.

13 Baina israeldarrek ezin izan zituzten gexurtarrak eta maakatarrak bota, eta israeldarren artean bizi dira oraino.

14 Lebiren leinua bakarrik utzi zuen Moisesek ondarerik eman gabe, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, ohorez erretako oparigaiak izango baitzituzten ondare, Jaunak Moisesi hitzeman bezala.

Rubenen leinuaren lurraldea

15 Moisesek Rubenen leinuko senitarteei ondare-zati bat eman zien.

16 Haien lurraldeak, Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta haranaren erdian dagoen hiritik hasita, Madaba lautada osoa hartzen zuen;

17 baita Hexbon eta lautadako hiri guztiak ere: Dibon, Bamot-Baal, Bet-Baal-Meon,

18 Jahtza, Kedemot, Mefaat,

19 Kiriataim, Sibma eta Tzeret-Xahar, haranaren gainaldean dagoen mendixkan;

20 Bet-Peor, Pisga mendi-maldak eta Bet-Jeximot;

21 gainera, lautadako hiri guztiak eta egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen erreinu osoa. Moisesek garaitu zuen Sihon erregea, baita lurralde hartan bizi ziren beraren menpeko buruzagi madiandarrak ere: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba.

22 Israeldarrek ezpataz hil zituztenen artean Beor-en seme Balaam igarlea zegoen.

23 Rubendarren lurraldeak Jordan ibaia zuen muga.Hori izan zen rubendarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

Gaden leinuaren lurraldea

24 Moisesek Gaden leinuko senitarteei ere beste zati bat eman zien.

25 Haien lurraldeak Jazer hiria, Galaadeko hiri guztiak eta amondarren lurraldearen erdia, Rabaren aurrez aurre dagoen Aroer hiriraino hartzen zituen;

26 baita Hexbondik Ramat-Mitzpe eta Betonimeraino eta Mahanaimdik Debarreko mugaraino ere;

27 eta haranean, Bet-Haram, Bet-Nimra, Sukot eta Tzafon, hau da, Hexbongo errege Sihonen erreinuaren gainerakoa. Jordan ibaia zuen muga, lurraldea ibaiaz ekialdera Genesaret aintziraraino hedatzen zelarik.

28 Hori izan zen gadtarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

Manasesen leinu erdiaren lurraldea

29 Moisesek Manasesen leinu erdiko senitarteei ere beste ondare-zati bat eman zien.

30 Haien lurraldeak Mahanaimdik hasita Baxan osoa, Og erregearen erreinua izana, eta Jairren herrixkak hartzen zituen: hirurogei hiri;

31 Galaad lurraldearen erdia eta Baxango errege Og-en erreinuko Axtarot eta Edrei hiriak Manasesen seme Makirren ondorengo erdiei eman zizkien, senitarteka banatuz.

32 Hau izan zen Moisesek Moabeko lautadan, Jordanez beste aldera, Jerikotik ekialdera, egin zuen ondare-banaketa.

33 Lebiren leinuari ez zion ondarerik eman, Jauna, Israelen Jainkoa, baitzuen ondare, Jaunak berak hitzeman bezala.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24