Josue
Kapituluak 19
Elizen Arteko Biblia
Simeonen leinuaren lurraldea
1Bigarrenez zotz egin eta Simeonen leinuko senitarteei egokitu zitzaien. Haien ondarea Judaren leinuarenaren erdian zegoen.
2Hona hemen ondaretzat egokitu zitzaiena: Beer-Xeba, Xema, Molada,
3Hatzar-Xual, Bala, Ezem,
4Eltolad, Betul, Horma,
5Tziklag, Bet-Markabot, Hatzar-Susa,
6Bet-Lebaot eta Xaruhen: hamahiru hiri eta beraien herrixkak.
7Ain, Rimon, Eter eta Axan: lau hiri eta beraien herrixkak.
8Gainera, hiri horien inguruko herrixka guztiak Baalat-Beer hiriraino, hau da, Negeveko Ramateraino. Hori izan zen simeondarren ondarea, senitarteka banatua.
9Simeonen leinuaren ondarea Judaren lurralde-zatitik hartua zen, Judaren leinuarena handiegia baitzen beraientzat. Horregatik, Simeonen leinuak Judaren ondarearen barruan hartu zuen berea.
Zabulonen leinuaren lurraldea
10Hirugarrenez zotz egin eta Zabulonen leinuko senitarteei egokitu zitzaien. Haien ondarearen muga Sarideraino luzatzen zen.
11Handik mendebalderantz, Maralara igotzen zen eta, Dabexet ukituz, Jokneamen aurrean dagoen errekaraino heltzen.
12Saridetik ekialdera bihurtzen zen, Kislot-Taborreko mugetaraino; gero, Daberateraino luzatzen zen eta Jafiara igotzen.
13Handik ekialderantz jarraituz, Gat-Hefer eta Ita-Kazindik igarotzen zen eta Rimon aldera hartzen zuen, Nea aldera okertzeko.
14Gero, iparraldetik, Hanaton aldera itzultzen zen eta Iftah-El errekan bukatzen.
15Lurraldeak beste hauek ere hartzen zituen: Katat, Nahalal, Ximron, Idala eta Belen; guztira hamabi hiri ziren, beren herrixkekin.
16Hori izan zen zabulondarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.
Isakarren leinuaren lurraldea
17Laugarrenez zotz egin eta Isakarren leinuko senitarteei egokitu zitzaien.
18Hona hemen haien lurraldeak hartzen zuena: Izreel, Kesulot, Xunem,
19Hafaraim, Xion, Anaharat,
20Rabit, Kixion, Ebetz,
21Remet, En-Ganim, En-Hada eta Bet-Patzetz.
22Muga, Tabor hiritik, Xahatzimatik eta Bet-Xemexetik igarotzen zen eta Jordan ibaian bukatzen; guztira hamasei hiri ziren, beren herrixkekin.
23Hori izan zen isakartarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.
Axerren leinuaren lurraldea
24Bosgarrenez zotz egin eta Axerren leinuko senitarteei egokitu zitzaien.
25Hona hemen haien lurraldeak hartzen zuena: Helkat, Hali, Beten, Akxaf,
26Alamelek, Amad eta Mixal. Mendebaldetik, muga Karmel mendiraino eta Xihor-Libnateraino heltzen zen.
27Gero, ekialderantz bihurtzen zen, Bet-Dagoneraino, eta, Zabulonen leinuaren muga eta Iftah-El harana iparraldetik ukituz, Bet-Emek eta Neieldik jarraitzen zuen, eta ezkerraldetik Kabul,
28Abdon, Rehob, Hamon eta Kanaraino luzatzen zen, Sidon hiribururaino helduz.
29Handik, Rama-ra eta Tiro gotorlekura bihurtzen zen; gero, Hosarantz jotzen zuen, Mediterraneo itsasoan bukatzeko. Mahlab, Akzib,
30Ako, Afek eta Rehob hiriak ere hartzen zituen; guztira hogeita bi hiri ziren, beren herrixkekin.
31Hori izan zen axertarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.
Neftaliren leinuaren lurraldea
32Seigarrenez zotz egin eta Neftaliren leinuko senitarteei egokitu zitzaien.
33Haien muga Helefetik eta Tzaananimgo arteondotik hasi eta Adami-Nekeb eta Jabneelen zehar Lakumeraino heltzen zen, eta Jordan ibaian bukatzen;
34gero, mendebaldera itzultzen zen, Aznot-Taborrera, eta handik Hukokeraino heltzen. Mugak Zabulonen leinuaren lurraldea ukitzen zuen hegoaldetik, Axerrena mendebaldetik eta Jordan ibaia ekialdetik.
35Lurraldeak honako hiri gotor hauek zituen: Tzidim, Tzer, Hamat, Rakat, Genesaret,
36Adama, Rama, Hatzor,
37Kedex, Edrei, En-Hatzor,
38Iron, Migdal-El, Horem, Bet-Anat, Bet-Xemex; guztira hemeretzi hiri ziren, beren herrixkekin.
39Hori izan zen neftalitarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.
Danen leinuaren lurraldea
40Zazpigarrenez zotz egin eta Danen leinuko senitarteei egokitu zitzaien.
41Haien lurraldeak honako hiri hauek hartzen zituen: Tzora, Extaol, Ir-Xemex,
42Xaalabin, Aialon, Itla,
43Elon, Timnata, Ekron,
44Elteke, Gibeton, Baalat,
45Jehud, Bene-Berak, Gat-Rimon;
46baita Jarkon erreka, Rakon eta Jafa aldera dagoen lurraldea ere.
47Lurraldeak, ordea, ez zuen Danen leinukoen menpe iraun. Horregatik, Lexem hiriari erasotzera joan eta hartu egin zuten. Bertako bizilagunak ezpataz hil ondoren, hiriaz jabetu eta bertan jarri ziren bizitzen. Lexem zenari Dan izena ezarri zioten, beren arbasoaren izena.
48Hori izan zen dandarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.
Lurraldearen banaketa bukatu
49Lurraldea mugatu eta banatzen bukatu zutenean, israeldarrek Nunen seme Josueri ere eman zioten ondarea.
50Jaunak agindu bezala, berak eskatua zuen hiria eman zioten, Timnat-Serah, alegia, Efraimgo mendialdean. Hiria berreraiki eta bertan jarri zen bizitzen Josue.
51Horra hor, bada, Eleazar apaizak, Nunen seme Josuek eta israeldar leinuetako senitarteburuek Xilon, Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran zotz eginez, izendatu zituzten ondareak. Horrela burutu zuten lurraldearen banaketa.