Josue 6 EAB

Josuek Jeriko hartu

1 Jeriko hiria zeharo itxia zegoen israeldarren beldurrez. Ez zen inor sartzen, ez ateratzen.

2 Jaunak esan zion Josueri: «Begira, eskura ematen dizkizut Jeriko eta bertako erregea eta gudariak.

3 Zuek hiria inguratuko duzue: sei egunez, egunero itzuli bat eginen duzue gerra-gizon guztiok hiriaren inguruan.

4 Zazpi apaiz kutxaren aurretik joango dira, ahari-adar bana harturik. Zazpigarren egunean, zazpi aldiz egingo duzue itzulia hiriaren inguruan eta apaizek adarrak joko dituzte.

5 Adar-hots luzea entzun bezain laster, herri osoak irrintzi handia egingo du eta hiriko harresia behera etorriko da. Orduan, eraso diezaiola jende guztiak, nork bere aurrean izango duen tartetik»

6 Nunen seme Josuek apaizei dei egin eta esan zien: «Hartzazue itun-kutxa eta zuetariko zazpik eraman dezatela adar bana Jaunaren kutxa aurretik».

7 Gero, herri osoari esan zion: «Zoazte eta inguratu hiria; gizon armatuak doazela Jaunaren kutxa aurretik».

8 Josuek agindua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren aurrean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondoren, Jaunaren itun-kutxa zetorren.

9 Adarrak jotzen zituzten apaizen aurrean gizon armatuak jarri ziren eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.

10 Josuek agindu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzirik, ez dadila hizketa-hotsik entzun; ez egin hitzik ere, nik irrintzi egiteko esan arte. Orduan egingo duzue».

11 Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan eta, ondoren, kanpalekura itzuli ziren gaua igarotzeko.

12 Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Josue. Apaizek kutxa hartu zuten,

13 eta zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren kutxa aurrean zihoazen adarrak joz. Denen aurrean gizon armatuak zihoazen eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.

14 Bigarren egunean ere, hiriaren inguruan itzuli bat egin eta kanpalekura joan ziren. Halaxe egin zuten sei egunez.

15 Zazpigarren egunean, egunsentian jaiki eta itzulia egin zuten hiriaren inguruan, aurreko egunetakoaren arabera, baina egun hartan zazpi itzuli egin zizkioten hiriari.

16 Zazpigarrenean, apaizek adarra jotzean, Josuek esan zion herriari: «Egin orain irrintzi, Jaunak zuen menpe jarri baitu hiria!

17 Hiria eta bertan den guztia erabat suntsitu behar da Jaunaren ohorez. Rahab emagaldua eta beronen etxean direnak bakarrik geldituko dira bizirik, guk bidalitako mandatariak gorde zituelako.

18 Baina kontu! Erabat suntsitu behar da guztia. Zeuentzat zerbait hartuko bazenute, suntsipena eta ezbeharra ekarriko zenituzkete israeldarron kanpalekura.

19 Urre-zilar guztia eta brontzezko eta burdinazko ontzi guztiak Jaunarentzat dira eta beronen altxortegira sartuko ditugu».

20 Jo zituzten apaizek adarrak. Adar-hotsa entzutean, herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen. Orduan, gudariek eraso egin zioten hiriari, nork bere aurrean zuen tartetik, eta hartu.

21 Hirian ziren guztiak hil zituzten ezpataz, gizon eta emakume, gazte eta zahar, idi, ardi eta asto.

Josuek Rahab salbatu

22 Lurraldea ikertu zuten bi gizonei esan zien Josuek: «Zoazte emagalduaren etxera eta atera bera eta beraren ahaideak, zin egin zenioten bezala».

23 Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aita-amak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten.

24 Jeriko hiriari eta bertako guztiari su eman zioten; zilar-urreak eta brontzezko eta burdinazko ontziak, berriz, Jaunaren etxeko altxortegira eraman zituzten.

25 Josuek bizirik utzi zituen Rahab emagaldua eta beronen senitarteko eta ahaide guztiak. Israeldarren artean bizi izan zen Rahab, eta haren ondorengoak ere hala bizi dira gaurdaino, Jeriko ikertzera Josuek bidaliak gorde zituelako.

26 Aldi hartan, zin hau egin zuen Josuek: «Madarika beza Jaunak Jeriko hiri hau berreraiki nahi izango duena! Oinarriak botatzea bere seme zaharrenaren biziaz ordainduko du eta ateak ipintzea gazteenarenaz».

27 Jauna Josuerekin izan zen eta haren entzutea herrialde osoan zabaldu zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24