Josue

Kapituluak 8

Elizen Arteko Biblia

Ai hiria hartzeko asmoak

1Jaunak esan zion Josueri: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Hartu zeure gudaroste osoa eta zoaz Ai hiriari erasotzera. Eskura ematen dizkizut Aiko erregea, beronen jendea, hiria eta lurraldea. 2Egin Ai hiriari eta bertako erregeari, Jerikori eta bertako erregeari egin zeniena. Oraingoan har ditzakezue hiriko ondasunak eta abereak guda-harrapakintzat. Ipini zelatariak hiriaren atzealdean». 3Josue, bere gudaroste osoarekin Ai hiriari erasotzeko prestatu zen. Hogeita hamar mila gudari aukeratu eta gauez bidali zituen, 4agindu honekin: «Jar zaitezte zelatan hiriaren atzealdean; ez urrutiratu gehiegi hiritik eta egon erne. 5Ni eta gainerako gerra-gizonak hirira hurbilduko gara eta, aurrekoan bezala, hirikoak guri erasotzera ateratzean, guk ihesari emango diogu. 6Gure ondoren aterako dira eta, horrela, hiritik urruti erakarriko ditugu, aurrekoan bezala beraiengandik ihesi goazela uste izango baitute. 7Zuek, orduan, atera gordelekutik eta jabetu hiriaz; Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura emango dizue. 8Hiria hartu bezain laster, su emango diozue, Jaunak agindu bezala. Horra nire agindua!» 9Bidali zituen Josuek, eta haiek Ai hiriaren mendebaldera jarri ziren zelatan, Betel eta Ai bitartean.Josuek bere gudarien artean eman zuen gaua.

Aiko gudua

10Biharamunean goizean goiz jaiki eta begiraldia egin zion Josuek gudarosteari; gero, Israelgo arduradunekin batera gudarostearen buruan jarri eta Ai hiriari erasotzera abiatu zen. 11Aurreratu eta hiriaren aitzinera heldu ziren. Iparraldera ezarri zuten kanpalekua, beraien eta hiriaren artean ibarra zegoelarik. 12Josuek bost mila inguru gudari hartu eta zelatan ipini zituen Betel eta Ai artean, hiriaren mendebaldera. 13Guda-talderik handienak, beraz, hiriaren iparraldera zuen kanpalekua; atzeguardia, berriz, mendebaldera zegoen. Gau hartan Josue ibar erdiraino joan zen. 14Biharamunean, hartaz guztiaz ohartu zenean, Aiko erregea bizkor jaiki eta bere gudaroste osoarekin atera zen toki jakin batera, basamortuaren aurrez aurre, israeldarrei erasotzera, hiriaren atzealdean zenbait gudari israeldar zelatan zeudela konturatu gabe. 15Galdu itxurak eginez, Josuek eta israeldarrek ihes egin zuten basamorturantz. 16Hiriko gizonak oihuka atera ziren israeldarren ondoren eta Josueri segika hiritik urrutiratu egin ziren. 17Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten. 18Orduan, Jaunak esan zion Josueri: «Zuzen ezazu Ai aldera eskuan duzun azkona, eskura ematen baitizut hiria». Eta Josuek Ai aldera zuzendu zuen eskuan zuen azkona. 19Josuek besoa luzatu bezain laster, zelatan zeudenek, beren gordelekuetatik bizkor atera, lasterka hirian sartu, beraren jabe egin eta su eman zioten berehala. 20Begiratu zuten atzera Aiko gizonek eta ke-mordo handia ikusi zuten hiritik zerurantz igotzen. Ez zitzaien ihesbiderik gelditzen inongo aldetik, basamorturantz ihesi zihoazen israeldarrak itzuli egin baitziren beren pertsegitzaileen kontra. 21Izan ere, zelatan egondakoak hiriaz jabetu zirela eta ketan zegoela ikusirik, Josuek eta israeldar guztiek itzuli eta eraso egin zieten Aiko gizonei. 22Hirian sartutakoak ere bidera atera zitzaizkien, eta Aiko gizonak, israeldarren artean harturik, atzetik eta aurretik erasopean gertatu ziren. Denak hil zituzten: ez zen bat ere gelditu bizirik eta ez zuen inork ere ihes egin. 23Aiko erregea, ordea, bizirik harrapatu eta Josuerengana eraman zuten. 24Israeldarrek, segika atera zitzaizkien Aiko gizonak landa zabalean azkeneraino garbitu ondoren, Aira itzuli eta hiriko bizilagun guztiak hil zituzten. 25Egun hartan Aiko bizilagun guztiak hil zituzten, gizaseme nahiz emakume: hamabi mila lagun. 26Josuek ez zuen bildu azkonari eutsiz luzatua zuen besoa, harik eta Aiko bizilagun guztiak erabat suntsitu arte. 27Israeldarrek berentzat hartu zituzten harrapakintzat abereak eta hiriko ondasunak, Jaunak Josueri aginduaren arabera. 28Josuek Ai hiria erre eta zeharo hondatua utzi zuen, hondakin-pilo bihurtua betiko; eta horrela dirau gaur arte. 29Erregea, berriz, zuhaitz batetik zintzilikatu zuen arratsa arte; eguzkia sartzean, gorpua zuhaitzetik eraisteko agindu zuen Josuek. Gero, hiriaren sarreran bota eta harri-pilo handia ezarri zioten gainean. Han dago oraindik harri-piloa.

Lege-liburua irakurtzeko biltzarra

30Josuek aldarea eraiki zion Jaunari, Israelen Jainkoari, Ebal mendian. 31Burdinazko tresnaz landu gabeko harri soilez egina zen, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, israeldarrei agindu bezala, beraren lege-liburuan idatzia dagoenez. Aldare gainean erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituzten. 32Hantxe bertan, harrien gainean, Moisesek idatzitako legearen kopia idatzi zuen Josuek israeldarren aurrean. 33Israeldar guztiak, etorkin nahiz bertako, beren arduradun, funtzionario eta epaileekin batera bildurik, kutxaren bi aldamenetan zeuden zutik, Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaiz lebitarren aurrean: herri erdia Garizim mendi aldera zegoen eta beste erdia Ebal mendi aldera. Horrela egiteko agindua zuen Moisesek Israel herria lehen aldiz bedeinkatzerakoan. 34Josuek legearen testu osoa irakurri zuen, baita bedeinkazioak eta madarikazioak ere, lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera. 35Moisesek agindutako guztia irakurri zuen Josuek, hitzik utzi gabe, israeldarren biltzar osoaren aurrean, emakumeak, haurrak eta israeldarren artean bizi ziren etorkinak ere bertan zirela.